Pasa den ostiralean Gasteizen izan ginen, Mugimendu Sozialista Euskal Herriko bi hiriburutan jasaten ari den txosnetako beto politikoak salatzeko. Ez da ezer berria, eta Ernai-GKS morbo gatazkatsuaz zerbait entzun nahi izan duenak badaki zertaz ari naizen honezkero.
Gazteak gara, baina ez hainbeste. Memoria pixka bat egina dugu jadanik, eta askotan zaharrak berri diren sentsazioa izaten dut. Txosnetako gatazka bost urtez luzatu da jadanik: Gasteizen GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari txosnetan parte hartzeko aukera ukatzen zaie nahierara aldatzen diren irizpideak aitzakia hartuta; Bilbon ere talde berriak konpartsetan onartzeko boto irizpideak aldatu dituzte aurten, Luberri konpartsa bertatik kanpo uzteko.
Sareetan nahiz barra ertzean luza daitezkeen eztabaida txatxuez harago, auziari begiratzeko perspektiba zintzo bat jarri nahi nuke nik. Batzuek esango dute bakoitzak duela bere egia, baina aldeetako batek eztabaidari uko egiteak, egiatik baino, beste interes batzuetatik gertuago dagoela erakutsi ohi du horrelakoetan. Ematen den bazterketa horrek atzean arrazoi politikoak ditu, nabarmen.
Sorturen inguru politikotik bultzatutako testuinguru batek ekarri gaitu hona. Batzorde horietan gehiengoa izateak edo erabaki gaitasuna izateak herri mugimenduko beste eragile batzuk espazio horietatik kanpo uzteko inpunitatea ematen die. Horiek justifikatzeko, eragileekin "elkarlana" edo "errespetuzko jarrerak" ez ditugula bermatzen esan izan dute orain arte. Beste era batera esanda, sektaristak garela edo gainontzeko eragileak zapaltzen ditugula dioskute. Eta gezur horrekin bost urte.
Egiari zor, hasieratik Ezker Abertzalearen partetik izandako jarrera honekin gu ekonomikoki itotzea lor zitekeen, jakinik txosnak independentzia politikoz jarduten duten mugimenduentzat finantziazio iturri nagusia direla. Hasieran, gure mugimendua existituko ez balitz bezala jarduten zuten, gutxiespenaren muturreko metafora. Gerora, ordea, agente politiko gisa aitortu behar izan gaituztenean, etorri dira intoxikazio kanpainak eta desitxuraketa saiakerak.
Eta saiakerak saiakera, bost urte hauetan Mugimendu Sozialista kopuruz biderkatu egin da, Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan gainontzeko eragileekin elkarlana posible dela erakutsi du eta herri mugimendua eta txosnen gisako espazio zabalak bultzatzeko jarrera erakutsi du; eta adibiderik garbiena geure herria da.
Alferrik etorriko dira esaten elkarlanik egiten ez dakigula, ez dugula errespetuz jarduten, sektaristak garela... Hemen eta beste hainbat lekutan erakutsi dugu hori ez dela horrela. Urrutira joan gabe, Euskal Herriko ehun kolektibo inguruk eta 150 kultur eragilek txosnetako beto politikoarekin amaitzea eskatu dute, baina herri mugimenduaren jabe direla uste dutenek entzungor egiten jarraitzen dute. Marka da gero. Estatuaren diru laguntzetatik bizi den agente politiko plural eta demokratikoak indepentzia politikoa oinarri duen herri mugimenduko eragileak txosnetatik kanporatzen eta finantzazio iturririk gabe utzi nahian jarraitzen du. Demokrazia modernoa.
Txosna eta konpartsa horietan parte hartzea ez da folklore hutsa, garai bateko nostalgia asetzeko itxurakeria. Behar-beharrezkoak ditugu gure jardun politikoa militantzian eta interes kolektiboan oinarrituta antolatzen ari garenontzat. Orain arte bezala, espazio horietatik kanpo utzita zerbait lortuko zutela uste zutenei zera esango nieke: lan politikoa egiteko gogoa eta grina areagotu besterik ez digute egiten. Bada garaia auzia konpontzeko eta beto politikoak kentzeko.