Telebistan, sare sozialetan eta prentsan azken boladan bolo-bolo dabil etorkin ilegalen gaia. Nonahi ikusten dira etorkin magrebiarrak protagonista dituzten bideoak: hala lapurretan agertzen direnak, nola kaleko istiluetan edota indarkeriazko edozein erasotan.
Gizartearen zati handienak sare sozialetan pasatzen duen denbora zenbatekoa den ikusita, garbi dago zein den plana: sareetan zabaltzen dira interes politikoa duten bideo hauek; lapurretak, erasoak, borrokak... Horrela, 'arazoa' aurkezten da, eta sasi-analistez betetako plataforma hauetan, anonimoki eta inpunitaterik gabe, kutsu arrazista duten iruzkinak zabaltzen dira lau haizetara. Halako alarma bat sortzen da, herritarrengan segurtasun eza eta beldurra zabalduz. Eta sareetatik prentsara salto egiten duenean 'arazoak', egunkariek bideo hauek albiste forman argitaratzen dituzte, gizartean zabaldu diren sentipenak arrazionalizatuz bezala. Hori gutxi balitz, alderdi politikoek beren eztabaidetako lehen lerrora eramaten dituzte, atzerritartasunaren legearen aitzakiapean, edota oraingoan, VOXek PPrekin gobernu autonomikoak hausteraino, arazoaren magnitudea handia dela irudikatzen lagunduz. Lastozko panpina perfektua.
Krisi betean gauden testuinguruan gertatzen da hau: klase ertaineko familia asko eta askok beren urteetako aurrezkiak eta aberastasunak galtzen ari direla ikusten dute, eta estatuak jada ezin ditu bermatu orain arte ongizatearen bandera ziren zenbait oinarrizko baliabide. Beraz, egon litekeen edozein haserre popularren aurrean, kutsu politiko nabarmena duten arazoak agertzen dira bat-batean, gizartearen kapa baxuenetako jendearengan jarriz arreta eta horiek kriminalizatuz; kapitalismoaren arazo estrukturalen erantzuleak balira bezala.
Fenomeno honetatik alderdi politikoek atera nahi izaten dituzte etekin politikoak. Hortik ulertzen dira Espainiako gobernuetako hausturak eta eskuin muturrak gaiari ematen dion urgentzia. Garbi dago, etekinak etekin, dituen ondorioak nabarmenak direla: gizartea geroz eta arrazistagoa bihurtzen da denbora gutxian; prentsa sentsazionalistatik eta modu subjektiboan zabaldutako fenomeno honen ondorioz, guztiok guztion aurka jarriz.
Sikiera gaiaren inguruan zintzotasunez pentsatzen jarriko bagina, akaso beste ondorio batzuetara iritsiko ginateke. Nondik eta nola heldu dira? Zergatik egin dute bidaia hori? Zer bizimodu daramate hona etortzen direnean? Nola komunikatzen dira hemengo munduarekin? Zer eskaintzen zaie gobernutik? Zer jasan behar izaten dute hemen? Zein lanetara daukate sarbidea? Askok erakutsi nahi dutenaren kontra, migratzaileen bizitza miseriaz jositako bidaia da, askotan bukaera onik gabea.
Eta kontuz. Honekin ez dut esan nahi ematen den fenomenoa existitzen ez denik, baina lehenik, fenomenoaren sakontasuna tentuz aztertu eta bere kausak ikusi beharko genituzke. Izan ere, etorkin ilegalen presentzia eta jokamoldeak erabat determinatuta daude estatuak sektore horiek integratzeko daukan gaitasunagatik (eta borondateagatik). Agian, gehiago interesatzen baitzaie gizartean integratzen laguntzea baino, inolako babesik gabe eduki eta egin ditzaketen delituak "arazo" gisa saltzea, gizarteak dituen arazo estrukturalak fokutik kendu eta behar ez den etsaia ikus dezagun argipean.
Baina nago, guk ere, errazena egin ohi dugula askotan: hatzari begiratu, seinalatzen ari den ilargia ahaztuta.