Puntuka

Hauteskundeez eta aldaketez

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2024ko mai. 2a, 09:44

2023ko Maiatzaren Leheneko manifestazioa, Kontseilu Sozialistak deituta. (Utzitakoa(

Eider Agirrek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Pasatu dira EAEko hauteskundeak. Ez dirudi ezer handirik aldatuko denik, ez behintzat panorama instituzionalean. EAJren eta PSOEren aliantzak ez dio lekurik utziko grafikoetan gorantza ageri den EH Bilduri. Lehia estua egon da alderdi abertzaleen artean, alde bateko zein bestekoek garaipen gisa ospatu dituzte hauteskundeen emaitzak, baita PSOEk berak ere.

Kanpainan zehar bi politika eredu erakutsi nahi izan dira aurrez aurre, baina, aldi berean, elkarrengandik gertu. Biek ala biek aurpegi berriekin ekin zioten kanpainari, alderdien modernizazio bat eman balitz bezala.

EH Bilduk Madrilen jokatu duen posiziotik ikusgarritasuna eskuratu du azken hilabeteetan, izan Etxebizitza Legearen edo Erreforma Laboralaren auzietan. Gerora, horiek langileriaren bizitzetan ezer substantzialik ez dutela aldatu ikusi den arren, halako politika sozialak egiteak eraginkor bihurtu du EH Bildu, eta iraganeko tradizio politiko historiko ilunetik urrundu du gizartearen kapa zabalen begietara.

EAJk, aldiz, bere bozen zati bat galtzen ikusi du, EH Bilduren diskurtsoaren norabideak ikuspegi progresista izan zezakeen sektorea jan diolako. Horren erreakzio gisa uler daiteke, besteak beste, alderdiaren gaztetze eta modernizazio hori. Hala ere, EAJ emaitza orokorretan alderdi garailea izan da, borroka armatuaren gaiak kanpainako azken asteetan izan duen oihartzuna eta autonomismoak gizartean daukan atxikipen zabala izan daitezkeelarik bi faktore garrantzitsu.

Hasieran esan bezala, ez dirudi hauteskunde hauek ezer handirik aldatuko dutenik. Eta hori emaitzak ikusi aurretik ere esan nezakeen. Batetik, politika instituzionala krisi garaian dagoenaren kudeaketara mugatzen da etengabe, Europatik dator dirua eta estatuek horren mehatxupean hori kudeatu baino ez dute egin behar, zer esanik ez autonomia erkidegoek. Eta bestetik, esan dezakegu aurrez aurre jarri nahi izan diren bi politika ereduek, funtsean, antzekotasun handiak dituztela programa politikoen oinarrian: klase ertainaren politikak egiteko konpetentzia autonomikoen defentsa eta ehun enpresarialarekin daukaten harremana politika horiek aurrera eramateko.

Kanpaina diogunean, keaz ari gara. Hori da politika instituzionala guretzat: alderdiak beren ezberdintasunak nabarmendu nahian, gizartea eraldatzeko pretentsiorik gabe, gehiengoaren iritzira etengabe moldatzen dituzten diskurtsoak eraikitzen...

Ez dago testuinguru erraza gizartea errotik aldatu nahi duenarentzat. Politika instituzionaletik aparte antolatzea besterik ez dago, horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Garbi dago ezer gutxi dagoela jokoan zirku horretan. Badirudi kanpainan ezin dela gerrari buruz hitz egin, horrek dakarrelako alderdiok gerra hauetan izan duten posizioaz hitz egitea; faxismoari buruz ere ezin da gehiegi hitz egin, alderdiok uzten baitiete gure herrietan nahi bezala ibiltzen...

Guk igerian korrontearen kontra dihardugu, eta hori erakutsi genuen maiatzaren 1ean milaka belaunaldi berrik sozialismoaren kontsignapean. Politika instituzionaletik eta enpresarien atzaparretatik kanpo antolatzeko aldarria zabaldu genuen Bilboko kaleetan, bizitzaren garestitzearen eta gerra inperialisten eta horien erantzuleen kontra, eta alternatiba errealen alde, langileriak botere sozialista antolatzearen alde. Eskerrak badauden korrontearen kontra igerian doazen ameslariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide