Bizitzan zehar hainbat etapatatik pasatzen gara; fase batetik bestera igarotzerakoan motxilan jaso ohi ditugu momentu bakoitzetik ateratako irakaspenak, eta zaharrak –edo irakaspen okerrak– motxilatik atera. Gazte garaian gure aita-amei entzun ohi genizkien "ikasiko dun gure edadera iristerako!" gisakoak edota gazteen kontuak direla guk buruan geneuzkanak. Eta, egia esan, ikasi egiten da bizitzan zehar, gehiago akatsetatik, agian, egindako urrats zuzenetatik baino.
Gaurkoan gazte-zahar dikotomiaz, edo konkretuago, ikasle-irakasle aurrez aurrekotasunaz nahiko nuke jardun. Izan ere, ikasle izana naiz orain gutxi arte, eta epe nahiko motzean mahaiaren beste aldean egotea ere egokitu zait, hala, bi alderdiak ezagutuz.
Egia da ordutik asko aldatu direla hezkuntza metodologiak: teknologiaren ezartzea ikasgeletan, edukien lausotzea edo ulermen gaitasunen exijentziaren beherakada, niretzat, behinik behin, errealitate bat dira. Beldurgarria iruditzen zait egungo ikasleek zenbat denbora igarotzen duten egunero-egunero burua pantailetan sartuta, askotan munduak noraka biratzen duen ere arrastorik izan gabe. Uste dut horrek berak zailtzen duela ikasleen gaitasun kognitiboa garatzea, besteak beste.
Eta horrelakoetan irakasleoi ahoa betetzen zaigu ikasleen osasunaz eta gaitasunez kezka adierazteko. Izan ere, ikasleak pentsamendu kritikoarekin eta eguneroko oztopoei aurre egiteko gai hezi nahi ditugu. Nik, behintzat, kezkaz bizi dut gai hori, eta uste dut egoerak hausnarketa eskatzen duela.
Alarmatu egiten gara jaramonik ez digutelako egiten klasean, elkarren artean haserretzen badira edota irakasleei errespetu falta adierazten badiete. Baina nago, ulertzeko gai garenetik, ikasleek dauzkaten kezka eta pentsamenduetara amildegi bat dagoela.
Orain gutxi irakurri nuen herriko aldizkarian antolatuta dagoen ikasle talde baten oharra. Bertan azaltzen zuten nola ikastetxeko zuzendaritzak propaganda politikoa egitea galarazten zien, edota klase-pasak egiteko eskubidea ere ez zietela errespetatzen. Zer pentsatua eman zidan oharrak: pentsamendu kritikoa izan dezaten nahi dugu, baina gure jokatzeko moduetatik irteten direnean, lehen erreakzioa jarrera horiek moztea izan ohi da, eta esango nuke erreakzio horien atzean paternalismo puntu bat ere badagoela.
Antolakunde berberak atzo milaka ikasle atera zituen hiriburuetan mobilizatzera, hezkuntzako inposizioak eta hezkuntza prozesuaren merkantilizazioa salatzeko. Komunera joateko baimena eskatu beharra, zure lekuan egunero zortzi orduz eserita eta isilik egon beharra, jasotzen duten diziplina hori etorkizuneko lan ohituretan aplikatzeko... Baten batek esango du ni ere, oraindik, gaztea naizela hori ulertzeko.
Baina lan munduari hain azpiratuta dagoen hezkuntza sistema apatiko eta sumiso batean ikasleak beren kabuz antolatu eta halako analisi eta proposamenak egiteak, politikaz hitz egiteak, pozten nau. Edonolako influencer, futbol jokalari edo morboz betetako telesailei begira egon beharrean, gazte batzuek erabaki dute bizi duten egunerokoa ez dagokiela beraiei, ez dagoela beraiekin pentsatuz diseinatuta. Agian serioago hartu beharko genituzke, lehen momentutik beren jarrerak gaitzetsi beharrean, muga jarri beharrean, gutxienez "zergatik?" galderari erantzuten saiatu beharko ginateke. Egia esan, borrokarako arrazoiak badauzkate.