Getariako Udalbatzak, EH Bilduren aldeko sei boto eta EAJren kontrako botoekin, atzo arratsaldean onartu zituen 2027rako udal aurrekontuak. Eneko Miralles Ogasun Zinegotziak azaldutakoaren arabera, azken urtetan egin duten bezalaxe, urriaren 14tik 21era aurrekontu parte hartzaileak zabaldu zituzten "herritarrek arlo desberdinetan dituzten proposamenak jasotzeko". Guztira, 21 ekarpen jaso dira, eta guztiak aztertu eta baloratu dituzte, horietako batzuk "aurrekontuetan txertatu dira". Mirallesek nabarmendu zuen, webgunean jarriko dutela ekarpen horiei egindako "gutxi gorabeherako erantzun bat". Orotara 5.935.874 euroko diru partida izango du Getariako Udalak, iaz baino 515.000 euro gehiago.
Sarrera arrunten aurreikuspena 5.200.451,23 eurotan kokatu du udalak, iaz baino 291 mila euro gehiago, eta ohi bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantzaketarako Foru Funtsetatik jasoko lukete zati handiena: zehazki, 2.932.548 miloi euro, iaz baino 172.818 euro inguru gehiago. Mirallesen hitzetan, "iaz baino %6 gehiago eman digute, eta hori positibotzat ikusten dugu". Gainera, azaldu du "KPIaren igoera %3,9koa" izan dela, eta "sarrerak proportzio horretan handiagoak jasoko ditugu".
Diruaren banaketa
Mirallesek sailka zatitu zuen atzoko bilkuran jasoko duten diruaren banaketa zehatza. 2027ko gastu orokor handienak herriko zerbitzu orokorreko gastuak eta udal langileen ordainsariak izango dira. Ogasun Zinegotziak nabarmendu zuenez, 2026erako langile publikoentzat %0,5eko igoera bat aurreikusten da, eta 2027rako beste %4,5eko igoera bat. "Horiek denak txertatu ditugu, eta atera diren zenbakiak kontuan hartu ditugu iraileko udalbatzarrean onartu zena kontutan hartuta".
Hirigintza saila dela sail "potenteena" azaldu du Mirallesek. Merkeko plaza eta Balentziaga lotuko dituen igogailurako 930.000 euro aurreikusi dira, herriko irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Herriko instalazio elektrikoak berritzen jarraitzeko, berriz, 10.000 euroko partida izango da, eta auzoetako herri-bideak konpontzeko 50.000 euro. Gainera, brigadako ibilgailu berri bat erosteko 18.200 euro, eta Taxco tabernaren aurreko plazan kale-altzariak jartzeko 20.000 euro bideratuko dituzte. Alde zaharrean gaur egun erabiltzen diren piboteak kentzeko eta autoen sartu-irtenak kontrolatzeko kamerak jartzeko asmoa du udala, baina "aurrerago aztertuko" dela azaldu du Mirallesek. Horretarako, 23.000 euroko partida aurreikusi dute. Horrez gain, 135.520 euro bideratuko dira Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) idazten jarraitzeko, baina "urtero ematen den 35.000 euroko dirulaguntza" izango dute. Portu eremuan, berriz, 600.000 euroko partida jaso da hainbat jarduera egiteko. Horien artean daude magalen egonkortasuna bermatzeko bioingeniaritza teknikekin lanean jarraitzea, TAO zerbitzuarekin lotutako jarduerak egitea eta mollako gunean hainbat lan gauzatzea. Herrirako hainbat proiektu idazteko beste 50.000 euro aurreikusi dira, eta amaitzeko, udalaren sistema informatikoa software librera migratzeko, berriz, 35.000 euro bideratuko dira.
Kultura eta Euskara sailei dagokienez, "mural berri bat margotzeko 18.000 euroko partida aurreikusi da". Era berean, Izan arrantzale egitasmoarekin jarraitzeko 4.000 euro, eta 4.400 euro AEKk eskaintzen dituen euskara ikastaroetarako. Gainera, "herri-nortasuna garatzen jarraitzeko" 5.000 euroko partida aurreikusi du Udalbatzak, udaleko soinu-ekipoak berritzeko beste 5.000 euro, eta musika bandaren tinbalak berritzeko 9.000 euro. Ondarearen garrantzia eta itsas parrillaren sustapena lantzeko, berriz, 10.000 euroko partida jaso da.
Kirol eta Aisialdi sailetan, hondartzako sorospen zerbitzuarentzat "joan den urtean baino 5.000 euro gehiago jarri dira, guztira 210.000 euro". Era berean, Mirallesek jakitera eman duenez, "2027an herriko frontoiko lurra berritzeko asmoa dago", eta guztira 97.050 euro aurreikusi dituzte horretarako. Bizikletentzako aparkaleku berriak instalatzeko ere 5.000 euro aurreikusi dituzte, eta "gehienetan dirulaguntzekin joaten dira". Horrez gain, Miako frontoian harmailak egitea aurreikusi du udalak, eta horretara 20.000 euroko partida bideratuko dute. Aurrekontuko 10.000 euro kiroldegiko fitness ekipamendua hobetzeko erabiliko dituzte.
Hezkuntzaren arloan, Zanbukari ohiko dirulaguntzaz gain, 7.816,60 euro emango zaizkio "eguerdiko taxien zerbitzuen ordainketa beraien gain hartu dezaten", eta M¡musika eskolan hobekuntzak egiteko, eskolako eguzki-plakak berritzeko eta haurtzaindegiko instalazioak hobetzeko 5.000 euroko partida bana aurreikusi dute.
Berdintasunaren arloan, hurrengo legegintzaldirako plan berria egiteko 17.872 euro bideratuko dira, eta egungo planaren ezarpenarekin jarraitzeko beste 8.265 euro. Berdintasun ekintzetarako 8.000 euro eta emakumeen historia aztertzen jarraitzeko 7.000 euro ere aurreikusi dira. Adinekoen ongizatea sustatzeko 6.000 euroko partida jasotzen da, eta haurrentzako egitasmoak bultzatzeko, berriz, 5.000 euroko "partida berria" sortu da.
Ingurumena eta tokiko garapenari dagokionez, "Babexa elkartea berriro martxan hasi da, eta beraiek 8.750 euroko ekarpena egitea eskatu dute". Eskolan, kiroldegian eta kale-argiztapenean energia-auditoriak egiteko 18.100 euro bideratuko dira, eta zuhaitzak eta herriko ingurune naturala zaintzen jarraitzeko beste 5.000 euro. Era berean, "sare konpontzaileen kongresua egitea tokatzen da datorren urtean Getarian", eta 4.000 euro partida jaso da horretarako. San Anton mendian hainbat esku-hartze egiteko, berriz, 75.000 euro aurreikusi ditu udalak.
Desadostasunak
Iosu Mujika EAJko bozeramaileak azaldutakoaren arabera, 14 proposamen aurkeztu zituzten, baina ez ziren onartuak izan. Mirallesek adierazi zuen EAJren proposamenak onartzeko arrazoi nagusiak "proposamenak berandu aurkeztu zituztela eta negoziatzeko denborarik egon ez dela" direla. Era berean, EH Bilduk aurrekontuen proposamenaren hasierako zirriborroa azaroaren 4ean helarazi zuela gogorarazi zuen Mirallesek, eta "azaroaren 10eko batzordean talde jeltzaleak beraien proposamenen inguruko aipamenik egin ez zutela". Hori horrela, nabarmendu zuen "azken egunean" jaso zituztela EAJren proposamenak, eta denbora aldetik ez dutela hori lantzeko eta negoziatzeko aukerarik izan, "gure ustez berandu ibili direlako". EH Bilduk adierazi zuen "azken egunean 14 proposamen bidaltzea, guztira 736.000 euro aurrekontuetatik ateratzeko eskatuz" ez zaiela lan egiteko "modu egokia" iruditzen. Gainera, Mirallesek azpimarratu zuen egin nahi diren gastuak bakarrik adierazi zituztela, diru hori nondik aterako den azaldu gabe.
Hori horrela, Mujikak gogorarazi zuen "negoziatzeko modu desberdinak" probatu dituztela, eta "negoziatzeko denbora" bazegoela. Gainera, ez dela iaztik proposamen berririk egin adierazi zuen, "aurreko urtetan aztertu eta herritarrentzat baliagarriak diren proposamenak" izan direla argudiatuz. Mirallesek azpimarratu zuen ez zutela ulertzen "proposamen gehienak iazko berdinak izanik", zergatik EAJk "azken momentuan" bidali zuen deialdia. EAJko bozeramaileak nabarmendu zuen, arrazoi nagusietako bat "elkarte batzuekin zituzten bileren pare bat asteko atzerapena" izan dela.
Bestelako erabakiak
Aurrekontuez gain, HAPOaren irizpideak eta helburuak berrestea ere bozkatu zuten, eta onartua izan zen, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Guztira honen inguruko 22 alegazio egon dira, horietako bat EAJrena. Haritz Alberdi alkateak adierazi zuen, "horietako bat denboraz kanpo" aurkeztu zela, baina denei eman zaie "erantzuna". Gainera, Mia, Askizu, San Prudentzio eta Eitza auzoetatik ekarpenik iritsi ez zela nabarmendu zuen Alberdik Hori ikusita, Miara eta Askizura hurbiltzea "interesgarria" izan litzatekela pentsatu zutela azpimarratu zuen alkateak, eta "betiere auzoko errealitatea mahai gainean jartzea". Askizuren kasuan, aurrerakinean jasotzen zen proposamena "gaur egun dagoen bezala mantentzea" zen, hau da, "landa eremu bezala". Era berean, "prozesu bizia eta dinamikoa" dela gogorarazi zuen Alberdik, eta "hilabeteetako bidea dela eta fintzen joan beharko direla".
Gainontzeko gaietan ere adostasunez jardun zuten bi alderdiek, eta aho batez onartu zituzten, bai txakolina lokalaren lagapena, baita lanpostuan balorazioen akats zuzenketa eta EH Bilduk aurkeztutako UEMA mozioa ere. Ekaitz Esteban alkateordea arduratu zen mozioa aurkezteaz, eta "egoera gero eta okerragoa" dela gogorarazi zuen euskeraren erabileraren datuetan. Era berean, Getaria "arnasgune erasana" dela adierazi zuen, eta "udalak duen arduratik eta dituen eskumenetatik konpromisoa hartuko duela". EAJko bozeramaileak "UEMArekin batera, urte guzti hauetan lanean dabiltzan Eusko Jaurlaritza, udalak, erakundeak eta elkarte guztiak" aipatu nahi izan zituen.