Getariako itsas eta gastronomia kulturaren atzean dagoen lana, pantaila handian

Julene Sorarrain

Josu Ozaitaren Hatsa, Esperantza eta Txalupa mutila film laburrak proiektatu dituzte gaur, Zarautz jauregiko aretoan. Hiru ikus entzunezko lanen bidez, Getariako tradizioak, itsasoarekiko harremana eta gastronomiaren atzean dagoen lana erakutsi nahi izan ditu Ozaitak.

Getariako Udalak antolatuta, Josu Ozaitaren Hatsa, Esperantza eta Txalupa mutila film laburrak proiektatu dituzte gaur goizean, Zarautz jauregiko aretoan. Hiru ikus entzunezko lanen bidez, herriko tradizioak, itsasoarekiko harremana eta gastronomiaren atzean dagoen lana eta jakintza gertutik ezagutzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Emanaldiari hasiera emateko, ikatza egiteko prozesua ardatz duen Hatsa dokumental laburra eskaini dute. Lanak txondorra egiteko prozesua eta ikazainaren eguneroko jarduna erakusten ditu, hitzik eta azalpenik gabe. Izan ere, Ozaitaren esanetan, ikus entzunezkoan soinuek, esku lanak eta keak hartzen dute protagonismoa. "Hatsa hiztegian kontsultatzen badugu, hiru esanahi emango dizkigu: alde batetik, arnasa luzea esan nahi du; bestetik, usain indartsua; eta, baita ere, espiritua edo arima. Hortaz, hiru definizio horiek txondarra zer den azaltzeko balio dute", azaldu du egileak.

Dokumentalak erakusten duen jardunak prozesu luzea eta lan handia eskatzen ditu. Txondorra egiteko astebete inguru behar da, eta horretarako 4.000 kilo egur erabiltzen dira; prozesuaren amaieran, berriz, 1.000 kilo ikatz inguru lortzen dira. Bitarte horretan, ikazainaren ardura da txondorra etengabe zaintzea, egosketa prozesua behar bezala garatu dadin. Getarian dokumental hori erakusteko hautua ez da kasualitatea izan. Ozaitak herriko parrilla tradizioarekin lotu du lana, izan ere, haren esanetan, Getaria ikatza gehien erabiltzen duen herrietako bat da. "Kalera irten eta segituan usain daiteke parrillaren kea. Nahiz eta Getarian 2.900 herritar inguru bizi, hamar bat parrilla egoten dira kalean martxan. Berezia da, leku askotan ez dagoelako horrelako errealitaterik". Tradizio horren sustraiak, gainera, urrutikoak dira. Ozaitak gogorarazi du Joan Sebastian Elkanok duela 500 urte bi parrilla utzi zituela herentzian, eta horrek agerian uzten duela parrillak eta itsas kulturak aspaldidanik izan duten lotura.

Ondoren, Getariako bi istorio biltzen dituzten Esperantza eta Txalupa mutila dokumental laburrak proiektatu dituzte. Lehenengoan, Kepa Etxegoien arrantzalea eta Aitor Arregi Elkano jatetxeko sukaldaria dira protagonistak. Bien arteko harremanaren bidez, arrainaren jatorria eta kalitatezko produktu bat mahaira iritsi aurretik egiten den lana jarri ditu fokuan Ozaitak. "Askok diote Getaria dela arraina jateko munduko lekurik onena, eta adierazpen horri helduz etorri naiz Getariara, antropologo gisa, zergatik den hori horrela jakiteko. Hiru minututan saiatu gara arrain on bat jatearen atzean dagoen lan guztia erakusten", azaldu du.

Dokumentalak, beraz, ez du soilik arraina prestatzeko azken urratsa erakusten; arrantzaleen eta sukaldarien arteko harremana ere azaleratzen du. Izan ere, bazterreko arrantzak garrantzi handia izan du Getariako kostaldeko jardunean, nahiz eta, gaur egun, gero eta pertsona gutxiagok praktikatzen duten. Ozaitaren arabera, arrantza mota horrek harreman estua sortzen du herriko arrantzaleen, asadoreen eta jatetxeen artean, komunitate sentimendua indartuz. "Aitorrek Kepa zaintzen du, baina Kepak ere asko ematen dio Aitorri. Egunero arrain freskoa izatea eta harrapatu bezain laster parrillan jartzeko aukera izatea; agian, hor dago Getaria hain berezia izateko gakoa", adierazi du.

Bestalde, Esperantza lanak aintzatespen berezia jaso du aurten. Izan ere, Ozaitak Donostiako Zinemaldiko Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketa irabazi du lan horrekin. Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatua da lehiaketa, eta hurbileko produktua zabaltzea eta babestea du helburu.

Emanaldia amaitzeko, Justo Silbeti arrantzale ohia protagonista duen Txalupa mutila dokumental laburra proiektatu dute. Silbeti 11 urterekin hasi zen lanean, txalupa mutil gisa, eta garai hartako oroitzapenek bizi-bizi jarraitzen dute haren baitan. Goizero egiten du moilarako bidea, baina egun hura ez da beste edozein egun: begietako dirdira bereziak erakusten du oraindik baduela zer egina.

Ozaitak azaldu duenez, dokumentalean Silbetiren bizitza osoa hiru minututan biltzea ezinezkoa denez, haren laneko lehen egunetan jarri dute arreta. "Txalupa mutila morroi moduko bat zen, eta lan txiki asko egiten zituen; besteak beste, tripulazioko arrantzale guztiak esnatu goizean goiz, ontziko pintaketak egin edota kapitainaren enkarguak bete". Lanaren bidez, itsas memoriari lekua egin nahi izan dio egileak, baita belaunaldiz belaunaldiko jakintzaren transmisioari ere. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide