Etxebizitza babestuen ordenantza berria lantzeko proiektua abiatu du Getariako Udalak

Enara Ariznabarreta

Potzuaga Gaina eremua. (Utzitakoa)

Udalak herritarren ekarpenak jasotzeko saioa egingo du azaroaren 26an, ostegunean, 18:30ean, Eskolako aretoan. Araudi berria etxebizitza babestuak sustatzeko egiten ari den lanarekin batera garatu nahi du.

Getariako Udalak etxebizitza babestuak eskuratzeko eta esleitzeko udal-ordenantza berria lantzeko prozesua martxan jarri du. Udal-arau horren bidez, etxebizitza babestuen sarbidea eta esleipena arautzeko irizpideak zehaztu nahi ditu, eta horretarako, herritarren iritziak eta ekarpenak jasoko ditu.

Aipatutako prozesuaren barruan, informazio- eta parte-hartze saioa egingo dute datorren ostegunean, hilak 26, 18:30ean, Eskolako aretoan. Udalak herritarrak bertaratzera eta beren iritziak ematera animatu ditu, araudi berriaren lanketan parte har dezaten, izan ere, parte-hartzea "beharrezkotzat" jo du.

Etxebizitza babestuen kudeaketa

Udalaren asmoa etxebizitza babestuen sustapenak aurrera egin arte ordenantza berriaren lanketa ez atzeratzea da. Horrenbestez, bi lan-ildoak batera garatu nahi ditu, etxebizitza-politikaren alderdi guztiak garaiz lantzeko. Besteak beste, "Lehentasunezko Jarduketa sustatzen jarraituko du, sustatzailearekin elkarlanean proiektua zehazten joango da eta, aldi berean, etxebizitza babestuak eskuratzeko eta esleitzeko araudiaren oinarriak lantzen hasiko da".

Getariako Udalaren arabera, etxebizitza babestuak sustatzea ez ezik, horiek eskuratzeko eta esleitzeko prozesuak argi eta modu egokian arautzea ere funtsezkoa da. Hori horrela, ordenantza berriaren bidez, eskuragarritasunari eta esleipenari lotutako irizpideak landu nahi ditu, betiere indarrean dagoen araudiaren barruan. Udalak azaldu duenez, eskaintza handitzeko aurreikuspenen aurrean, beharrezkoa da sustapenen kudeaketa eta esleipena antolatzeko tresnak ere garatzea, prozesua argia eta gardena izan dadin.

Eskaintza handitzeko proiektua

Getariako etxebizitza-premiei erantzuteko, udala Potzuaga Gaina eremuaren garapena bultzatzen ari da. Eremu horretan babes publikoko etxebizitzak sustatzea aurreikusten da, "herriko beharrei erantzuteko eta etxebizitza eskuragarri gehiago izateko aukerak zabaltzeko".

Garapena Lehentasunezko Jarduketaren bidez bideratuko dute. Udalaren arabera, sustapen horrekin batera esleipen-araudia lantzeak aukera emango du etxebizitzen kudeaketarako irizpideak garaiz prestatzeko.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide