Idoia Torregarai eta Mirari Martiarena umoregileen laugarren ikuskizuna Getariara iritsiko da azaroaren 29an. 18:30ean hasita, Eskailerapekoa ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, Iturzaeta aretoan.
Eskailerapekoa ardo ona eskatzeko modua omen da, eta ardo ona bezalaxe ondu dute Torregaraik eta Martiarenak euren laugarren binakako bakarrizketa. Elkarrekin oholtzan bakarrizketak egiten daramatzaten zortzi urteetan sortu eta finkatu dute euren umore fina, eta ibilbide horren hurrengo koxka da ikuskizun berri hau. Oraingoan ere, ezkutatuta dauden gaiak, bizipenak, krisiak eta aukerak kontatzeko igoko dira oholtzara, “kritika eginez, deseraikiz eta nola ez, barre eginez!”.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Turismo Bulegoan, eta ikuskizuna ikustera joan nahi dutenek bertan eskuratu beharko dituzte, 5 euroren truke.