Santa Zezilia, musikarien eguna, azaroaren 22an ospatuko da, eta Pepita Enbil musika eskolakoek, urteroko legez, emanaldia eskaini dute ospakizunaren harira. Atzo iluntzean izan zen kontzertua, Iturzaeta Herri Eskolako aretoan, eta herritar ugari bertaratu zen ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoaz gozatzera.
Gure Txeruko gaztetxoek dantzatutako agurrak eman zion hasiera ikuskizunari. Ondoren, lau, bost eta sei urteko haurrak igo ziren oholtzara beren trebetasunak erakustera, baita hizkuntza musikaleko ikasleak ere, dantza koreografia bat eskaintzera.
Jarraian, biolin, gitarra eta esku-soinu ikasle eta irakasleek Ken Zazpiren Itsasoa gara abestia jo zuten, ikus-entzuleek koruak egiten zituzten bitartean. Pepita Enbil eskolako abesbatzaren ahotsak entzuteko aukera ere izan zen. Gitarraren laguntzaz, Aldapeko eta Arratsalde honetan abestiak kantatu zituzten.
Arratsaldeari amaiera emateko ardura, berriz, trikiti eta pandero ikasleek izan zuten. Emanaldiaren ostean, gainera, merienda izan zen ikasle guztientzat.