Espainiako Gorteetarako bozen kanpaina hasi dute alderdi politikoek, eta EH Bilduk ostiralean egin zuen ekitaldietako bat Getarian, Zarautz jauregiko Atalaia aretoan. 60 bat lagun elkartu ziren han, eta Haritz Alberdi alkateak eta Arkaitz Rodriguez EH Bilduren ekintza politikoko idazkariak hartu zuten hitza. Besteren artean, hauteskundeen garrantziaz, Euskal Herriaren erronkez nahiz EH Bilduk Madrilen egin duen lanaz aritu ziren biak ala biak.
Getariako alkateak herritarren konpromisoa azpimarratu zuen, haren hitzetan, hori delako EH Bilduren indargune nagusia. Halaber, Espainiako Gorteetarako bozek Euskal Herriaren interesak Madrilen defendatzeko duten garrantziaz ohartarazi zuen, eta gogorarazi azaroaren 29ko hitzordua maiatzeko udal eta foru bozen atarikoa dela.
Alberdik esan zuen EH Bilduk Madrilen hainbat gai landu dituela azken urteetan, "bereziki, itsasoarekin, moilarekin eta arrantzarekin" lotutakoak. Haren ustez, horrek agerian uzten du EH Bilduk Madrilen ordezkaritza sendoa izateak duen garrantzia zer-nolakoa den. Gainera, EH Bilduk duen egiteko modua nabarmedu zuen Alberdik, uste baitu herritarren bizi baldintzak hobetzeko lan egiten duela.
Asko dago jokoan
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan eskubideak, askatasuna, demokrazia eta Euskal Herriaren autogobernua daudela jokoan adierazi zuen Rodriguezek, eta eskuin erreakzionarioaren gorakadari aurre egiteko "ezkerreko politika eraldatzaileetan sakondu" behar dela esan. Horri lotuta, mezu argia zabaldu zuen EH Bilduren legebiltzarkideak: "Irabaztea posible da, baina garaipena lortzeko esperantza antolatu eta mobilizatu beharra dago". Horretarako, herritarren konpromisoa, antolakuntza kolektiboa eta mobilizazioa "ezinbesteko" osagariak direla adierazi zuen, Lula da Silva Brasilgo presidentearen garaipena eta Donald Trump AEBetako presidentearen porrota aipatuta.
EH Bilduk Espainiako Gorteetan egindako lana ere azpimarratu zuen, eskubide sozialak eta ekonomikoak berreskuratzeko, autogobernua defendatzeko eta bakean nahiz bizikidetzan aurrera egiteko lortutako emaitzak zein izan diren azalduta. Etxebizitzaren auziaz aritu zen solasean, halaber, eta esan zuen eskubide gisa ulertu behar dela, ez espekulaziorako ondasun gisa. Horrez gain, soldata eta pentsio duinak, zerbitzu publiko sendoak eta herritarren segurtasun materiala aldarrikatu zituen, eta zehaztu zuen prekarietateari eta bizitzaren garestitzeari aurre egitea funtsezkoa dela eskuin erreakzionarioaren gorakadari aurre egiteko.
"Ezkerreko politika aurrerakoiak sustatzen" jarraitzeko beharra dagoela adierazi zuen, baita bloke errakzionarioari Espainiako gobernurako bidea ixtekoa ere. Horren bueltan, EH Bilduren bozek gehiengo aurrerakoi eta plurinazionala osatzen lagunduko dutela zin egin zuen, eta gehiengo indarrak estu hartzeko ere balioko duela, etxebizitza arloan, soldatetan eta eskubideetan "urrats gehiago eta azkarragoak" eman daitezen.