Getariako Udalak Alde Zaharreko argiteria publikoa LED sistemara egokitzeko lanak hasi ditu. Jarduketa udalaren 2022-2030 Klima eta Energia Planean aurreikusita dago, "energia kontsumoa murrizteko, argiteria publikoaren eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, udalaren gastu energetikoa murrizteko helburuarekin".
Lanak udal langileak ari dira egiten, eta luminariak kontratazio prozeduraren bidez eskuratu dituztela jakinarazi du udalak. Luminariak hornitzeko kontratuaren aurrekontua 54.934 eurokoa da, BEZa barne; instalazio lanak, berriz, udaleko langileek egingo dituzte. Gainera, luminariak instalatu ondoren, telegestio sistema ezartzeko prestatuta egongo direla ere azaldu du erakundeak. "Horrela, datorren urtean sistema hori txertatzeko aukera izango du udalak, argiteria publikoaren kudeaketa eta kontrola hobetzeko".
Erakundeak jakitera eman duenez, lanei ekin aurretik, argiteria berritzeko azterketa teknikoa egin zen, Alde Zaharreko argi puntuak eta argiztapenaren ezaugarriak aztertzeko eta LED teknologiara egokitzeko beharrak zehazteko.
LED teknologiara aldatzeak "energia eraginkortasuna hobetuko" duela nabarmendu du udalak, eta argiteria publikoaren energia kontsumoa murriztearekin batera, "aurrezpen ekonomikoa" ere ekarriko diola azpimarratu du erakundeak.