Jendetza izan da gaur goiz eta eguerdi partean Getariako Askizu auzoan; izan ere, San Martin jaiak tarteko, ekitaldi hainbat egin dituzte han. 11:30 aldean hasita, Iagomagok magia ikuskizuna eskaini du, eta herritarrek txalo artean gozatu dute haren trikimailuez. Gero, Enbilen Pepitak taldeko trikitilarien txanda izan da; haiek arduratu dira giroa alaitzeaz.
Herritarrek sabelak betetzeko parada ere izan dute eguerdia iristearekin. Izan ere, festen antolatzaileek, salda ez ezik, patata tortilla, haragi egosi nahiz txorizo pintxoak eskaini dizkiete hara joandakoei. Gainera, herri kirol erakustaldia ere egin dute Maddi Salterain Urra II.-ak, Iñigo Zabalak eta Julen Odriozola Txapei-k; horiek harri jasotzen nahiz aizkoran aritu dira, eta pentatloi moduko proba bat ere gauzatu dute.
Asteazkenean, azaroaren 11n, ospatuko dute jaietako azken eguna. San Martin eguna izanik, Gazte Alaiak txistulari taldearen goiz eresia, meza nahiz txakolin dastaketa egingo dituzte.