Getariako Arraun Elkartearen 50. urteurrena askotariko ekintzekin ospatu dute azken hilabeteetan udalerri horretan, eta egitaraua borobiltzeko festa egun betea dute gaur herritarrek. Goizetik festan murgilduta dabiltza getariarrak, eta gauera arte ez du etenik izango jaiak.
Goizean, kirol erronkarekin hasi dute GAEren 50. urteurreneko festa eguna: Getaitrik elkarteko triatletek zein arraunlariek parte hartu dute hiru taldetan banatuta erronka horretan, eta ergometroan, bizikletan eta korrika aritu dira horiek nor baino nor. Herritar ugariren animopean arituko dira kirolariak deman, eta primerako giroa nagusitu da, lehiatik haratago, lagun arteko giroa nagusitu baita. Azkenean, Ainhoa Kamiok, Jon Peñak, Jokin Aizpuruk eta Inge Iribarrek osatutako taldea izan da azkarrena; bigarren sailkatu da Gorka Olaskoaga, Jon Sustaeta, Ion Etxeberria eta Oier Larrañagaren taldea; eta horien atzetik amaitu dute proba Josune Jimenezek, Andde Etxanizek, AImar Iraolak eta Iñigo Merkaderek.
Bestalde, kirol erronkaren amaieran, Xabier Goikoetxea Getariako Arraun taldeko presidenteak oroigarri bat jaso du Getaitrik triatloi taldeko lehendakari Jon Peñaren eskutik.
Kirol erronkaren ondoren, kaleetan jarraitu du festak, txaranga donuekin, eta ondoren, 200 lagunek bazkaria egin dute arraunlariek, arraunlari ohiek eta zaleek. Bazkalostean ere atsedenerako tarterik ez dute izango, Jon Etxeberria DJak dantzan jarriko baititu han elkartutakoak.