Balentziaga kaleko igogailua da EH Bilduren 2027ko aurrekontuetako apustu nagusia

Intza Trula

Haritz Alberdi Getariako alkatea eta EH Bilduko hainbat zinegotzi, igogailua joango den lekuan. (EH Bildu)

EH Bilduk 930.000 euroko inbertsioa proposatu du  igogailua eraikitzeko Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailua eraikitzeko. Horrez gain, aisialdia, berdintasun politikak, ingurumen ekintzak eta etorkizunari lotutako proiektuak indartzeko beste hainbat partida ere proposatu ditu udal taldeak.

Getariako EH Bilduk datorren urterako aurrekontuetarako proposamenak aurkeztu ditu, "irisgarritasuna hobetzea, herritarren beharrei erantzutea eta udalerriko azpiegitura eta zerbitzuetan aurrera egitea" helburu hartuta. Koalizioaren esanetan, proposamenek "inbertsio estrategikoak eta herritarren eguneroko bizitzan eragina duten ekimenak" biltzen ditu. 

Proposamen guztien artean, bada gai nagusi bat: Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailua, hain zuzen ere. 930.000 euroko inbertsioa egitea proposatu du EH Bilduk, "Getaria irisgarriagoa lortzeko asmoz". Halaber, kirol instalazioak eta espazio publikoak hobetzeko ere hainbat partida planteatu ditu: esaterako, 97.050 euro frontoiko lurra berritzeko; 20.000 euro Meagako frontoian harmailak jartzeko; 10.000 euroko partida planteatu da kiroldegiko fitness ekipamendua hobetzeko; 50.000 euro herri bideetarako; eta, beste 35.000 euro herrian hainbat hobekuntza egiteko. Gainera, haur eskolan eta musika eskolan berrikuntzak egiteko eta bizikleten aparkalekuak jartzeko partidak ere jaso dituzte proposamenean.

Horrez gain, herritarren ongizatea eta haurren aisialdia sustatzea ere bada proposamenaren helburuetako bat. Horretarako, haurrentzako egitasmoak bultzatzeko 5.000 euroko partida berri bat sortzea proposatu du EH Bilduk. Adinekoen eta ongizatearen arloko partida 6.000 eurora handitzea ere eskatu du koalizioak, baita animalien eta pertsonen arteko bizikidetza sustatzera 5.000 euro bideratzea ere.

Berdintasun politikak indartzeko, berriz, 64.137 euroko partida proposatu du EH Bilduk. Besteak beste, arlo honetan berdintasun plana idaztea eta garatzea, berdintasun ekintzak antolatzea, eta emakumeek historian izan duten lekua ikertu eta ezagutaraztea aurreikusi ditu koalizioak.

Ingurumenaren eta energia eraginkortasunaren arloari dagokionez, 114.000 euroko inbertsio proposatu du EH Bilduk. Horren barruan, 75.000 euro proposatu ditu San Anton mendian hainbat esku hartze egiteko, eta 18.100 euro auditoria energetikoetarako.

Etorkizuneko plangintzari begira, HAPOa idazteko 135.520 euro aurreikusi ditu udal taldeak, eta beste 50.000 euro udalerrirako beste proiektu batzuk idazteko. Udalaren eguneroko jarduna hobetzearekin lotuta, berriz, udal brigadarako ibilgailu berria erosteko eta udaleko sistema informatikoa software librera migratzeko inbertsioak proposatu ditu.

Horrez gain, 40.000 euroko partida bat proposatu du EH Bilduk hainbat ekipamendu erosteko; esaterako, Getariako espazio publikoak hobetzeko asmoz, Taxco aurreko plazan egoetako altzari bat jartzea aurreikusi dute. Azkenik, portuko eremuko jarduketetarako 600.000 euroko partida ere jaso du EH Bilduk aurrekontu proposamenetan.

EH Bilduren esanetan, proposamen horien helburua da "Getaria udalerri irisgarriagoa eta zainduagoa izan dadin lortzea, eta, noski, azpiegituretan inbertituz eta ongizate-, berdintasun- eta ingurumen-politikak indartuz, aurrerantzean ere herritarren beharrei erantzungo dien herria izatea".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide