200 bat lagun elkartuko ditu GAEren bazkariak

Intza Trula

Getariako arraunlari ohiak, estropada batean. (Utzitakoa)

50. urteurrenari lotutako festa handia ospatuko du larunbatean Getariako Arraun Elkarteak. Bazkariaren aurretik, kirol erronka egingo dute goiz partean.

Getariako Arraun Elkartea 50. urtemuga ospatzen ari da azken urte honetan. Besteak beste, arraun munduari, eta bereziki GAEren ibilbideari, lotutako hitzaldiak eta mahai inguruak egin dituzte 2026an. Egitaraua borobiltzeko asmotan, festa eguna antolatu du elkarteak larunbat honetarako. Egun osoko jaia izango da, goizean kirol erronkarekin hasi eta iluntzean DJ saioarekin amaituko baita.

11:00 aldera hasiko dute eguneko lehen jarduera: kirol erronka. Jon Ander de la Hoz antolatzaileak azaldu duen moduan, Getaitri triatloi klubeko eta arraun elkarteko kirolariek parte hartuko dute lagunarteko deman. Bi taldetan banatuko dituzte kirolariak, baina talde horiek nahasiak izango dira; hau da, triatloilariz eta arraunlariz osatuta egongo dira bi taldeak. De la Hozek kontatu duenez, oraindik ez dituzte guztiz zehaztu erronkaren oinarriak, baina aurreratu du hiru kiroletan lehiatuko direla: ergometroan, bizikletan eta korrika, hain zuzen ere.

Eguerdi partean, Kalean txarangak bizituko ditu Getariako kaleak, bazkalordura arte. Izan ere, 14:30ean arraunlarien, arraunlari ohien eta zaleen bazkari jendetsua egingo dute. Asteartean itxi zuten jatordurako izena emateko epea, eta Xabier Goikoetxea GAEko presidenteak kontatu duenez, 200 lagun inguru zenbatu dituzte azkenean bazkarirako, 180 heldu eta 20 haur, gutxi gorabehera. Bazkalostean, atsedenerako tarterik ez dute izango, Jon Etxeberria DJak dantzan jarriko baititu bertaratutako parrandazale guztiak.

Larunbateko egitarau osoa kalean eta frontoian egitea nahi zuen arraun elkarteak, baina hasierako asmoa aldatu dute, eguraldiagatik. Zer eguraldi egingo duen ziur ez dakitenez, "badaezpada" bazkaria eta DJ saioa kiroldegian egitea erabaki dute azkenik, Goikoetxeak azaldu duenez.

Festa urtea amaitzear den honetan, 50. urteurrenaren "balorazio positiboa" egin du presidenteak: "Jendeak oso ondo erantzun du". Barre artean, zera gehitu du: "Ea beste 50 betetzen ditugun".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide