Egurtek saria jaso du Zarautz Jauregiaren birgaitzeak

Intza Trula

Zarautz Jauregia barrutik, birgaituta. (Pegenaute)

Getariako Udalak sustatu, Vaumm arkitektura eta hirigintza enpresak diseinatu eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak egindako lana saritu dute, Eraikuntza sailean. Proiektuan zura, eraikuntza teknika berriak eta ondare historikoaren zaintza uztartu dituzte.

Egurtek 2026 saria eman diote Getariako Zarautz Jauregiaren birgaitze proiektuari. Eraikuntza kategorian saritu zuten jauregia, atzo Bilboko BECen egindako ekitaldian. Saria Zuraren Arkitekturari eta Eraikuntzari buruzko Nazioarteko Foroaren barruan kokatzen da.

Getariako Udalak sustatutako proiektua Vaumm arkitektura eta hirigintza enpresak diseinatutakoa izan da, eta Iparragirre Eraikuntza Lanak enpresak egin du obra. Lan horiei esker, herriko eraikin historiko bat berreskuratu dute, eta urte luzez erabilerarik gabe egon den espazioak berriz ere ateak zabaldu ditu, herritarrentzat zein bisitarientzat. Gaur egun, Elkano, Mundubira Espazioa museoa dago bertan, 2026ko otsailean inauguratu zutena.

Epaimahaiak lanaren "zailtasuna eta erabilitako eraikuntza teknikak" aitortu ditu. Izan ere, proiektuan egurrezko egitura berriak, tresna digitalak eta zaharberritzeko ohiko teknikak erabili dituzte. Horrela, eraikinaren historia eta izaera mantendu dituzte, gaur egungo museo baten beharretara egokituta.

Gainera, obrak egitean aurkikuntza arkeologikoak ere egin dituzte; esaterako, erromatarren garaiko aztarnak eta XI. mendeko balea hezurrak. Aztarna horiek guztiak gorde egin dituzte, eta gaur egun museoan daude ikusgai.

Dena den, Egurtek ez da Zarautz Jauregiak azken denboran jaso duen sari bakarra. Izan ere, 2025ean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Sarietan ere aitortza jaso zuen.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide