1936ko Espainiako Gerra Zibilaren testuinguruan, Euzkadiko Gudontzia itsas armada laguntzailea eratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hain justu, garai horretan itsas defentsan aritu ziren 55 getariar identifikatu dituzte, eta Getariako EAJk haiek guztiak omentzeko ekitaldia egingo du bihar, 12:00etan, moilan.
EAJren esanetan, marinel horien jarduna "Getariako itsas historiaren parte da, baita herriaren memoria kolektiboarena ere". Identifikatu dituzten 55 marinelak hainbat ontzitan aritu ziren; esaterako, Nabarra, Gipuzkoa, Bizkaia, Jaimin, Rafael Cantos, Goizeko-Izarra, Iparreko-Izarra, Araba eta Mourisca izeneko ontzietan.
Hain justu ere, ondorengoak dira identifikatu dituzten marinel getariarrak: Meltxor Albizu Indo, Casimiro Alkorta Isasti, Jose Maria Aranguren Iñarra, Manuel Aranguren Iñarra, Jose Maria Aranguren Ondarra, Anselmo Arregi Uzin, Urbano Arregi Uzin, Juan Azkue Ibarbia, Jose Domingo Azkue Uzin, Luciano Azkue Uzin, Pedro Azkue Uzin, Antonio Azpeitia Ibarbia, Marcelino Basterretxea Larrañaga, Antonio Jesus Basurto Furundarena, Bonifacio Berasaluce, Gregorio Berasaluze Egaña, Isidro Berasaluze Egaña, Juan Burgaña Etxebarria, Enrique Darkistade Garai, Enrique Darpon Mitxelena, Emilio De la Hoz Kintana, Eugenio Pedro De la Hoz Kintana (Periko), Jose Manuel Errazkin Aizpuru, Luis Esnal Agote, Agustin Furundarena Agirrebengoa, Eusebio Garmendia Lazkano, Jose Ibarbia Subiñas, Jose Miguel Iñarra Esnal, Francisco Iribar Zulaika, Silvestre Iribar Zulaika, Antonio Ituarte Etxebarria, Jose Ituarte Etxebarria, Atanasio Kamio Uzin, Francisco Kamio Uzin, Tomas Kamio Uzin, Gerardo Kerejeta Agote, Nikasio Kerejeta Agote, Ignacio Maria Larrañaga Azpeitia, Jose Larrañaga Azpeitia, Julian Lekube Burgaña, Ignacio Lekube Goenaga, Pedro Lete Correa, Enrique Manterola Agote, Manuel Mendizabal Alberdi, Jose Agustin Olaskoaga Zubimendi, Jose Maria Olaskoaga Zubimendi, Victoriano Sustaeta Azkarraga, Andres Sustaeta Urkidi, Jose Domingo Uranga Olaskoaga, Bienvenido Urkidi Arrieta, Jose Urresti Andonegi, Jose Domingo Uzin Alkorta, Prudencio Uzin Alkorta, Jose Domingo Uzin Berasaluze eta Salvador Uzin Berasaluze.
Ekitaldiaren bidez, Getariako EAJk "marinel haien izenak eta oroimena berreskuratu, familiei aitortza egin eta historiaren pasarte hori belaunaldi berriei ezagutarazi" nahi die. Omenaldiaren barruan, gainera, oroigarri plaka bat ezarriko dute moilan, Itsasoan ere askatasunaren alde leloa duena.
Hori horrela izanik, taldeak "gonbidapen berezia" luzatu die marinelen senideei, "haien arbasoen oroimena bizirik mantendu duten familiei aitortza egiteko asmoz". Era berean, herritar guztiei dei egin die omenaldian parte hartzera, "gure herriko historiaren parte diren itsasgizon haien konpromisoa eta ekarpena elkarrekin gogoratzeko". Ondorengoa gehitu du taldeak: "Omenaldi honen helburua ez da soilik iragana gogoratzea, baizik eta itsasgizon haien izenak, ausardia eta askatasunaren alde egindako ekarpena herriaren memoria kolektiboan bizirik mantentzea, belaunaldi berriek ere haien historia ezagutu dezaten".