Getariako Udalak arlo ezberdinetarako lau pertsona kontratatuko ditu

Intza Trula

Getariako Udaleko bulegoa. (Getariako Udala)

Hirigintzako aparejadorea edo arkitekto tekniko, idazkaritzako administrazio orokorreko teknikari, harrerako administrari eta turismo eta kultura administrari orokorreko teknikari bana kontratatuko du. Lanbideren 2026ko diru laguntza deialdiaren barruko eskaintzak dira, eta urtebeterako kontratuak izango dira.

Getariako Udalak arlo ezberdinetako lau lanpostu kaleratu ditu gazteentzat, Lanbideren 2026ko diru laguntza deialdiaren barruan. Azken urteetan lortutako laguntzari jarraipena emanez, udalak gazteen laneratzea sustatzen jarraituko du horrela, eta, aldi berean, udal zerbitzuetako hainbat arlo indartuko ditu.

Hain justu ere, honakoak dira eskainiko diren lanpostuak eta bakoitzaren zereginak:

  • Hirigintzako aparejadorea edo arkitekto teknikoa: Hirigintza arloan laguntza teknikoa ematea eta udal proiektu eta jarduketen garapenean laguntzea.
  • Idazkaritzako administrazio orokorreko teknikaria: Administrazio orokorreko zereginetan laguntzea, besteak beste, diru laguntzen, aurrekontuen eta kontratazio prozeduren kudeaketan.
  • Harrerako administraria: Herritarren harreran eta administrazio lanetan laguntzea, datu baseak eta errolda kudeatzea eta udaleko informatika eta teknologia laguntza indartzea.
  • Turismo eta Kulturako Administrazio Orokorreko teknikaria: turismoaren arloan laguntza teknikoa ematea, harrera eta herritarren arreta egitea, sarreren kudeaketaz eta erabiltzaileei informazioa emateaz arduratzea, Elkano Museoko eta kriptako bisita gidatuak kudeatzea, kulturako diru laguntzak kudeatzea eta Udalak eskatutako diru laguntzak justifikatzen laguntzea. Oro har, turismo eta kultura arloetako laguntza teknikoa ematea.

Lau kontratuek hamabi hilabeteko iraupena izango dute, eta guztiak lanaldi osokoak izango dira. Ordutegiari dagokionez, 08:00etatik 15:00etara bitarteko lanaldia izango da, eta hautagaiei euskararen C1 maila eskatuko zaie.

Hileko soldata gordina 1.999,50 eurokoa izango da hirigintzako, idazkaritzako eta turismo eta kulturako lanpostuetan; harrerako administrariaren kasuan, berriz, 1.571,04 eurokoa. Ordainsariak hamalau pagatan banatuko dira.

Hori horrela, hautagaitzak aurkezteko azken eguna azaroaren 6a izango da, eta interesa duten pertsonek Lanbideren bidez eman dezakete izena, eta bertan aurkituko dute hautaketa prozesuari buruzko informazio gehiago.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide