Getariako haurren esku dago herria

Aritz Mutiozabal

Atzo arratsaldean eman zioten hasiera Alkate Txiki Egunari, Kea Arakistain alkate txikiak aginte makila jaso zuenean. Jarraian, udalbatzarra egin zuten herriko haurren eskariekin, kiroldegiko estalpea inauguratu zuten eta jaien pregoia irakurri zuten udaletxeko balkoitik.

Bi egunez, herriko haurrak izango dira Getariako jaun eta jabe. Tonpe Getariako guraso elkarteak antolatuta, Alkate Txiki Eguna ospatu zuten atzo, eta ekitaldiekin gaur jarraituko dute. Aurtengo alkate txikia Kea Arakistain da, eta Haritz Alberdi Getariako alkateak aginte makila emango zion atzo arratsaldean udaletxeko bilkura aretoan, jaiari hasiera emateko.

Jarraian, udalbatzarra egin zuten, eta alkate txikiak ondorengo bost zinegotzi izan zituen alboan: Libe Azkue, Manex Azkue, Ekia Zumeta, Ani Aranberri eta Mikel Arregi. Garaiko arropekin jantzita, udal gobernu bereziak, HH 5etik LH 5era bitarteko haurren eskaerak entzun eta erantzuten aritu ziren. Belar artifizialeko futbol zelai baten beharra, hondartzara jaisteko txu-txu trena, txakurrentzako parkea, moilan ur parke erraldoi bat, liburutegian bizikletak eta patinetean aparkatzeko txokoa, piraten parkean kopmunak jartzea... eta horrela hamazazpi eskari. Askok ezezkoa jaso zuten, ongi argudiatuta, baina beste batzuk zinegotzien gustukoak izan ziren.

Udalbatzarra amaitzean, kiroldegiko estalpea inauguratu zuten alkate txikiak eta zinegotziek. Udaletxetik kalejiran bertaratu ziren guztiak, Pepita Enbil musika eskolako trikitilarien atzetik. Kiroldegian estalpean,  Kaia Arakistainek zinta moztu zuen, eta, jarraian, Gure Txeru dantza taldeko hiru lagunek aurreskua egingo zuten.

Kiroldegitik udaletxera bueltan, udal gobernu txikia balkoira atera zen eta bertan pregoia irakurri ondoren, gozokiak bota zituzten plazan zeuden haur guztien gozamenerako. Suziria bota zuten ondoren, eta horrekin batera, buruhandiek hartuko dituzte Getariako kaleak, lehen eguna borobiltzeko.

Gaur, arratsalde partean izango dira bigarren jardunaldiko ekitaldiak. Kulkiren eskutik, 17:00etatik 19:00etara bitartean, itsasoari lotutako jolasetan parte hartzeko aukera izango dute umeek frontoian. Jarraian, suziria botako dute, eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale, Pepita Enbil eskolako trikitilarien laguntzarekin. Iluntze aldera, afaria egingo dute Berdura Plazan, eta afalostea Osto DJak girotuko du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide