Haurrek izango dute agintea asteburu honetan Getarian, Alkate Txiki Egunaren harira. Tonpe Getariako guraso elkarteak antolatuta, ekintzaz betetako bi egun ospatuko dituzte herriko gaztetxoek ostiralean eta larunbatean.
Urtero egin bezala, aurten ere udaletxean abiatuko dute egitaraua, bihar, 18:30ean. Han, Haritz Alberdi Getariako alkateak aginte makila emango dio aurtengo alkate txikiari, Kea Arakistaini. Jarraian, udalbatzarrari ekingo diote areto nagusian Arakistainek, sei zinegotzik eta herritarren azalean jarriko diren hainbat eta hainbat haurrek. Maider Txueka guraso elkarteko kideak azaldu duen moduan, alkatea eta zinegotziak zozketa bidez hautatzen dituzte, eta urtero aldatzen dira. Udalbatzar bereziko lan zerrenda, HH 5etik LH 5era bitarteko haurren esku egongo da. Txuekak kontatu duenez, maila horietako haurrek hainbat gairen inguruko galderak pentsatzen dituzte aurreko asteetan eskolan, eta egun horretan alkateari zein zinegotziei plazaratzen dizkiete. Hala, alkateak eta zinegotziek galdera horiei erantzuna emateko ardura izango dute.
Udalbatzarra amaitzean, kalerako bidea hartuko dute. Izan ere, Alkate Txiki Egunean ohikoa da Getarian zerbait inauguratzea. Kasu honetan, kiroldegiko estalpea estreinatuko dute, hain justu. Horretarako, udaletxetik kalejiran joango dira haurrak, Pepita Enbil musika eskolako trikitilariek lagunduta. Kiroldegian, estalpea inauguratzeko zinta moztuko dute, eta Gure Txeru dantza taldekoek aurreskua egingo dute. Kiroldegitik udaletxera itzuliko dira berriro. Alkate txikia zein zinegotziak balkoira aterako dira, eta han pregoia irakurri eta suziria botako dute. Horrekin batera, buruhandiek hartuko dituzte Getariako kaleak, eta horien kalejirarekin agurtuko dute lehen eguna.
Larunbatean, berriz, arratsalde partean hasiko da mugimendua herrian. Kulkiren eskutik, 17:00etatik 19:00etara bitartean, itsasoari lotutako jolasetan parte hartzeko aukera izango dute umeek frontoian. Jarraian, suziria botako dute, eta buruhandiak ibiliko dira kalez kale, Pepita Enbil eskolako trikitilarien laguntzarekin. Iluntze aldera, afaria egingo dute Berdura Plazan, eta afalostea Osto DJak girotuko du. Hain justu, emanaldi horrekin agurtuko dute aurtengo Alkate Txiki Eguna. Txuekak ohartarazi du eguraldia txarra bada jolasak eta buruhandien kalejira kiroldegian egingo dituztela.
40 bat urteko historia
Orotara, 160 ume inguruk parte hartuko dute asteburuko ekitaldietan. Tonpeko kideak kontatu duenez, "urduri" egon ohi dira haurrak, "baina oso gogotsu ere bai, beraien asteburu handia da eta". 1974. urtean sortu zuten Tonpe elkartea, eta Alkate Txiki Egunaren sorrera zein urtetan izan zen oso garbi ez badute ere, 40 urte inguruko ibilbidea duela azaldu du Txuekak. Urtez urte hitzorduaren esentzia mantendu dute oro har, baina zenbait aldaketa ere egin dituzte. Adibidez, Txuekak kontatu duen moduan, lehen alkate txikia mutila izaten zen beti, baina 2005. urtetik aurrera aldatu zuten hori. Hau da, gaur egun neskak zein mutilak izan daitezke alkate.
"Udalbatzar batek nola funtzionatzen duen ikustea, eta alkateek zein zinegotziek zein lan egiten duten ezagutzea" dira festaren helburuak. Era horretan, umeek "asko" ikasten dutela iritzi dio Txuekak, eta Alkate Txiki antolatzen jarraitzeko nahia erakutsi du guraso elkarteko kideak.