Getariako Udalak gazteek etxebizitzaren alokairu gastuak ordaintzeko 2026ko diru laguntza deialdia zabaldu du. Guztira, 9.000 euroko aurrekontua bideratuko da laguntza horietara, eta Getarian ohiko bizilekua alokairuan duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.
Aurtengo deialdiak, aurreko urteko araudiarekin alderatuta, "hainbat aldaketa" dituela azaldu du udalak, besteak beste, erroldatze baldintza bost urtetik hirura murriztea, diru sarreren mugak handitzea eta hileko gehieneko diru laguntza 250 eurotik 300 eurora igotzea.
Diru laguntzaren bidez, hileko alokairuaren %75eraino lagundu ahal izango da, betiere gehienez 300 euro hilean eskatzaile bakoitzeko, eta laguntzaren zenbatekoa diru sarreren eta aplikatu beharreko baldintzen arabera zehaztuko da.
Diru laguntza jasotzeko baldintzak
Laguntza jasotzeko, besteak beste, 18 eta 35 urte bitartekoa izan behar da, Getarian ohiko bizilekua duen alokairuko etxebizitza batean bizi, eta alokairu kontratuak gutxienez urtebeteko iraupena izan behar du. Halaber, Gaztelagun eta Emantzipa programak kontuan hartu beharko dira, udalaren diru laguntza izaera subsidiarioan eta, hala badagokio, osagarri gisa aplikatuko baita.
Deialdi honen lehenengo ordainketak 2026ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean ordaindutako alokairu gastuak hartuko ditu kontuan. Kontratua urte hasieran hasi ez bada, diruz lagundu daitezkeen hilabeteak proportzioan kalkulatuko dira, gainerako baldintzak betetzen badira. Horrez gain, 2026ko urria, azaroa eta abenduko alokairu gastuak ere laguntza honen barruan sartuko dira, eta hiru hilabete horiei dagokien diru laguntzaren ordainketa 2027ko hasieran egingo da, dagozkion gastuak eta ordainagiriak justifikatu ondoren.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, deialdiaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Dokumentazioa zuzentzea beharrezkoa izanez gero, beste bost egun balioduneko epea izango da.
Eskaera orria udaletxeko harreran eta udalaren webgunean eskuratu ahal izango da. Eskaera aurrez aurre egin ahal izango da udaletxeko harreran, edo telematikoki, ziurtagiri digitalaren bidez. Eskaera egiteko orria hemen dago eskuragarri.