Mendi Tour ziklorako gonbidapenak Turismo Bulegoan eskura daitezke

Intza Trula

'Izarren zaunka' filmeko irudi bat. (Nagore Eceiza)

Mendi Tour mendiko zinema ziklora aurkeztutako lau film labur emango dituzte igandean, 18:00etan, Iturzaeta aretoan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena hartu beharko da.

Bilboko Mendi Film jaialdira aurkeztutako lau film labur emango dituzte igandean Getarian, Mendi Tour zikloaren barruan. 18:00etan hasiko da saioa, Iturzaeta aretoan, eta bertaratzeko gonbidapenak Turismo Bulegoan jaso daitezke.

Hain zuzen, eskalada, espeleologia, mendiko eskia eta alpinismoa bezalako gaiak jorratzen dituzten pelikulek osatuko dute programazioa. Lehenengoa Izarren zaunka izango da, Euskarazko Film Onenaren saria irabazi zuen iragan Mendi Film jaialdian. Lanak Txindokiko ertza du agertokia, eta bertako hormetan Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga eskalatzaileak dabiltza. El Santo Films ekoiztetxearen lana da, Nagore Eceizak zuzendua.

Aldabide da emango duten bigarren dokumentala. Gorbeiako Itxinako barrunbeetan dago kokatua, eta espeleo-buzeoa eta esplorazioa ditu oinarri. Jon Mendizabal zuzendariak ondu du ikus-entzunezkoa.

Hirugarrena, berriz, Un día al año izango da. Atxarteko horma ikonikoetan eskalatzeko gonbita egiten du Alfonso Garciak zuzendutako lanak. Atxarteko Iñauteria bezala ezaguna den urteroko bilkura jaso du lan honetan Garciak. 

Saioa osatuko duen laugarren eta azken dokumentala Trango izango da. Karakorumgo Trango Dorre Nagusian eginiko mutur- muturreko jarduera kontatzen du: haren tontorreraino heldu, eta hura eskiatzen jaistea lortu duen lehen espedizioa. Protagonista ezagunak ditu: Christina Lusti Lustenberger, Jim Morrison, Chantel Astorga eta Nick McNutt.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide