Erabiltzeko prest dago gazteentzako espazio autogestionatua

Intza Trula

Aldamar parkeko espazio autogestionatu berria. (Getariako Udala)

Aldamar parkean kokatuta dagoen espazioak erabilera anitzeko gune zabal bat eta bi entsegu gela ditu. Ate irekiak egingo dituzte larunbat eta igande honetan, nahi duen orok espazioa hobeto ezagutzeko aukera izan dezan.

Xehetasun batzuen faltan, amaitu dituzte gazteentzako espazio autogestionatu berriaren obrak. Aldamar parkeko lokalean kokatzen den espazio berria Getariako gazteek elkartzeko, sortzeko, entseatzeko eta beren ekimenak garatzeko espazioa izango da, hain zuzen ere.

Espazioak erabilera anitzeko gune zabal bat eta bi entsegu gela izango ditu, besteak beste. Horrez gain, Getariako Udalak azaldu du bi sarrera-irteera eta bi komun egokitu dituela, eta akustikari lotutako lanak ere egin dituela, "espazioak izango dituen erabilera ezberdinei ahalik eta erantzun onena emateko".

Udalak kontatu duenez, espazio berriaren sorrera "gazteen eta herriko eragileen beharrak eta nahiak aztertzeko egindako prozesu baten emaitza" da. Lanketa horretan, besteak beste, gazteen parte hartzea, aisialdi ohiturak eta etorkizuneko espazioaren erabilerak aztertu zituzten, gune berriaren ezaugarriak eta aukerak definitzeko. Prozesu horren bitartez, espazioaren erabilera eta antolaketa "herriko errealitatera eta beharretara egokitzeko oinarriak ezarri" dituztela azaldu du udalak. "Helburua da gune berria irekia eta dinamikoa izatea, gazteek zein herriko eragileek beren ekimenak garatzeko eta Getariako bizitza sozial eta kulturala indartzeko aukera izan dezaten", egin du azpimarra erakundeak.

Obren atzerapena

Aldamar parkeko lokalaren lanek aurreikusitakoa baino hiru hilabete gehiago iraun dute. Udalaren esanetan, atzerapena, besteak beste,  saneamendu sarean egindako aldaketek, parketik beheko lokaletan ematen ziren ur-iragazketek eta hainbat elementuren horniduran izandako atzerapenek eragin dute.

Dena den, Getariako Udalak "hasieratik argi" zuen espazioaren egokitzapenak araudi guztiak bete behar zituela, eta esku hartzeak "kalitatezkoa" izan behar zuela, "eta horretarako, beharrezkoak izan diren egokitzapen eta hobekuntzak egin dira". Era horretan, Getariako Udala "pozik" dago lortutako emaitzarekin, "hasieran jarritako helburu hori bete baitugu".

Ate irekiak

Espazio autogestionatua ateak zabaltzear da, baina aurretik ate irekiak antolatu ditu udalak, herritar guztiei eremua ezagutzeko aukera eskainiz. Beraz, ate irekiak asteburu honetan izango dira: larunbatean 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da espazioa eta, igandean, berriz, 12:00etatik 14:00etara.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide