Getariako EH Bilduk agintaldiaren balorazioa egin du, eta ondorioak herritarrekin partekatzeko asmoz, solasaldia egin zuen ostegunean, Berdura Plazan. Udal gobernua osatzen duten sei hautetsiek parte hartu zuten hitzorduan.
Agintaldian zehar, etxebizitza izan da EH Bilduren "lehentasunetako bat". Eskualtxetako hogei etxebizitza sozialak, etxebizitza hutsak mobilizatzeko hartutako neurriak eta Potzuaga Gainean 200 etxebizitza eraikitzeko emandako urratsak jarri zituzten horren adibide. Potzuaga Gainari dagokionean, lurren jabeekin lanean jarraitzen dutela informatu zuen taldeak, "etxebizitza garapena bizkortzeko lehentasunezko jardueraren figura baliatuz".
Horrez gain, hirigintzaren arloaz ere mintzatu ziren hautetsiak. Hemen, HAPO berria abian jarri izana nabarmendu zuen EH Bilduk, "datozen hamarkadetarako Getaria antolatzeko oinarriak ezartzen dituen prozesu gisa". Horrez gain, herriko kale eta espazio publikoetan egindako hobekuntzak, Loidi-San Prudentzio arteko oinezkoen ibilbidea eta Santanapeko proiektua ere aipatu zituzten.
Kirolaren, aisialdiaren eta udal ekipamenduen arloan ere hainbat jarduketa egin dituztela gogorarazi zuten: "Besteak beste, kirol eremuko estalpea, ariketa fisikorako eta kirolerako ekipamendu berriak, jolasguneak, skatepark berria eta tirolina jarri ditugu martxan". Horrez aparte, Iturzaeta Herri Eskolan ere hobekuntzak egin dituztela aipatu zuten, eta emakume surflarientzako aldagelak egokitu dituztela. Aldi berean, datozen egunetan Askizun aisialdi eremu berria eraikiko dutela azaldu zuten, "herriko aisialdi eskaintza zabaltzeko helburuarekin".
Kultura eta hezkuntzaren arloan, berriz, liburutegia eta ikasgela berritu dituztela gogora ekarri zuen EH Bilduk, "eta Gaztetxea eta entsegu gela berria bultzatu eta musika eskolako espazioak egokitu". Euskararen erabilera eta presentzia indartzeko plana eta herriko kultur ekimenak eta auzolana ere aipatu zituzten.
Horrez gainera, berdintasuna, zaintza eta herritarren parte hartzea ere udal jardunaren barruan kokatu dituztela azaldu zuten, Berdintasun Plana, laguntza eta diru laguntzak, babes eta arreta zerbitzuak eta indarkeria sexistaren aurkako protokoloa aipatuz. Getariako emakumeen historia eta memoria ezagutzeko ikerketa ere bultzatu dute. Herritarrekiko komunikazioa indartzeko, berriz, WhatsApp eta Telegram kanalak jarri dituzte martxan.
Aurrera begirakoak
Azken urteetan emandako pausoez mintzatzeaz gain, datozen urteei begira duen planteamendua aurkeztu zien EH Bilduk herritarrei: "Besteak beste, Herrerieta-Balentziaga igogailuaren proiektua idazten ari gara kaleen arteko konexioa eta irisgarritasuna hobetzeko; Katrapunako birpartzelazio proposamena eginda dago eta Eusko Jaurlaritzarekin adostasunak bilatzen ari gara; eta, Santanapeko espaloiaren zabaltze proiektua idatzita dago, haren gauzatzea faseka bideratzeko".
Azkenik, EH Bilduk aurreratu du datozen asteetan 2027ko udal aurrekontuak onartuko dituztela, eta horietan "herritarrentzat garrantzitsuak diren" hainbat egitasmo sustatzeko eta aurrera eramateko baliabideak jasoko direla.