Sustraia kirol ekitaldiak elkartearen ekimenez, Kirol Herri Okelan Sariari ekingo diote datorren astelehenean, hilaren 12an, eta zirkuituko lehen proba jokatzeko Getariako frontoia hautatu dute. Hala, 12:30etik aurrera aizkoran zein harri jasotzen jaioak diren kirolarien ikuskizunaz gozatzeko parada izango da bertan.
Antolatzaileek atzo arratsaldean aurkeztu zuten txapelketa Getariako udaletxean, eta bertan jakinarazi zutenez, txapelketan, orotara, 30 kirolarik parte hartuko dute. Horietatik hamar izango dira asteleheneko hitzorduan: emakumezkoetan, harri jasotzen ariko dira Irati Astondoa, Garazi Izagirre, Ekiñe Lopez eta Olaia Esnaola, eta, gizonezkoetan, Gari Garmendia eta Jon Gisasola. Aizkoran, berriz, Ibai Soroak, Iker Vicentek, Jokin Urretabizkaiak eta Julen Gabirondok jardungo dute.
Harri jasotzaileei dagokienez, gizonezkoek 112,5 kiloko kubikoarekin eta pisu bereko bolarekin jokatuko dute lehia, eta emakumezkoek 75 kiloko zilindroarekin eta 62,5 kiloko bolarekin. Aizkolari gizonezkoek bina kanaerdiko eta 60 ontzako enbor moztu beharko dituzte lan bakarrean; emakumeek, berriz, 45 ontzako kanaerdiko enbor bana.
Getariako jardunaldiaren ostean, txapelketak Gipuzkoako hainbat plaza zeharkatuko ditu urritik abendura bitartean. Esaterako, azaroaren 29 Oikian jokatuko dute, eta finala abenduaren 31n izango da, Asteasun. Plaza gehienak zehazteke daude oraindik, eta itxi ahala joango dira jakinarazten. Sustraiak elkarteko ordezkari Xabat Olaizolak azaldu zuen moduan, txapelketaren "ardatza" Gipuzkoa bada ere, garbi dute lehia beste lurraldeetara zabaltzea dela beraien asmoa: "Proiektu hau Euskal Herri osora hedatzea da gure desioa, gure izaera eta kirola plaza guztietan erakutsi nahi ditugu etorkizunean".
Ekaitz Esteban Getariako Udaleko Kirol zinegotziak bere esker ona adierazi zien antolatzaileei, eta aitortu zuen "plazer handia" dela txapelketako lehen probaren kokaleku izatea. "Beste kirolak babesten ditugu Getarian, baina herri kirolei ere merezi duten lekua eman behar diegu", egin zuen azpimarra.