Janaria aitzakia hartuta, kultura ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute larunbatean Getarian. Bosgarren urtez Nazioarteko Jakien Azoka antolatu dute Artzape euskara elkarteak eta Getariako Udalak elkarlanean. 18:30etik aurrera izango da, herriko frontoian.
Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere hainbat eta hainbat herrialdetako janarien postuek osatuko dute azoka, hala nola Euskal Herrikoak, Kanadakoak, Australiakoak, Kubakoak, Senegalgoak, Honduraskoak eta Perukoak. Bertako jakiak dastatu nahi dituzten herritarrek euro bateko ekarpen sinbolikoa egin beharko dute, eta horren truke plater bat jasoko dute azokako postuetan ibili eta nahi adina plater eta pintxo probatzeko. Horrez gain, barra ere jarriko dute frontoian, eta bertan edariak eskuratu ahal izango dira azoka zabalik dagoen bitartean.
Artzape euskara elkartearen hitzetan, azokaren helburu nagusia da "Getariako aniztasuna ospatzea eta jatorri desberdinetako pertsonak elkartzeko gune bat sortzea". Elkartearen esanetan, gastronomia aitzakia "bikaina" da jende berria ezagutzeko, eta, azken batean, azaldu du horretarako ere baliatu nahi dutela hitzordua: "Ez dugu gastronomia hutsera mugatu nahi, herriko bizitza sozialean parte hartzeko eta elkar ezagutzeko topagunea izatea ere nahi dugu".
Izan ere, Artzaperen iritziz, "ezinbestekoa" da beste kultura bateko pertsonak ezagutzea "elkarbizitza aberasteko eta aurreiritziak gainditzeko". Ildo horretatik, besteen ohiturak, gastronomia, musika, dantzak edo bizipenak ezagutzeak "norbere begirada zabaltzen laguntzen" duela iritzi dio elkarteak.
Bosgarren aldia du Nazioarteko Jakien Azokak, eta antolatzaileen esanetan, "aurreko urteetan azokak izan duen harreraren adierazle ona" da hori. Artzapek kontatu duenez, herritarrek "jakin-min handiz" hartu dute proposamena, eta urtez urte ikusi dute azoka dagoeneko "Getariako egutegian bere lekua egiten" ari dela. Halaber, elkartea pozik agertu da azokara gerturatzen den jendearen jarrerarekin: "Herritarrek ez dute soilik jakiak probatzeko interesa, parte hartzaileekin hitz egiteko, beste kultura batzuk ezagutzeko eta giroan murgiltzeko gogoa ere badutela erakutsi dute, eta horrek zentzua ematen dio egiten dugunari".
Dantza, osagai berria
Berritasun gisa, munduko dantzen ikastaro irekia eta doakoa antolatu dute aurten. 18:45 aldera hasiko da, eta Aitor Aizpurua dantza irakasle zumaiarrak eskainiko du. Besteak beste, euskal dantzak, Kubako saltsa eta Dominikar Errepublikako bachata irakasten ditu Aizpuruak. Beraz, azokara janaria probatzera ez ezik, "dantzatzera, parte hartzera eta besteekin nahastera" ere animatu nahi du jendea Artzapek.