Gutuna

Zuen laguntasuna bihotzean eramango dut beti

Ion Larrañaga

Getariako Esperantza ontzia Kontxan. (Getariako Arraun Elkartea)

Ion Larrañaga Getariako Arraun Elkarteko entrenatzaile ohiak ondorengo gutuna argitaratu du sare sozialetan.

Inoiz pentsatuko ez nuen dei batek gauza asko hausnartzera eraman ninduen.

Urte asko Getariatik urrunduta, baina beti izan ditut gogoan nire patroi handiak esaten zizkidan hitzak. Nik Kontxa irabazi nahi nuela esatean, berak beti hitz berak esaten zizkidan: "Nik Getariarekin Kontxan sartu nahi diat!".

Hamabi edo hamahiru arraunlari elkartu ginen gimnasioan, bat edo beste dudetan oraindik, baina denak aurrera begira jarri, eta zetorren bezala heldu genion erronkari.

Nola ahaztu Pedreñako bandera hura... Niretzat handiena… Ume koxkor haien begiak… Baina ezin ahaztu Andoniren etxeko bandera. Inflexio-puntua, hamahiru arraunlarirekin joatetik hamalau arraunari tiraka. Urteak aurrera, eta gero eta inplikazio gehiago zuten arraunlariek, gero eta helburu potoloagoak. Igoera herria gainean genuela, inoiz pentsatuko ez nuen bezala getariarron bultzada hura…

Eta nola ez, 49 urte eta gero lortu zen Kontxako sailkapena… Orduan bai… Xabierren hitzak berriz gogora ekarri eta nire helburu denak beteta zeudela ohartu nintzen.

Hala ere, talde honi eutsi eta borroka handiak eta lorpenak etorri ziren. Urruntzeko momentua naturaltasunez etorri da. Lasai, helburu handiena beteta: getariartasuna berriz gainezka, eta lagun on asko eginda, zer gehiago eskatu daiteke!

Mila esker Getaria.

Eskerrik asko GAEko familia guztiari, zuen laguntasuna bihotzean eramango dut, beti. Aurrera begira, ahalegina eta lana badakit egingo dituzuela, beraz, kirolean ere behar den zorte on apur hori opa dizuet klubari, arraunlariei, eta nire tokia beteko duen Gaizkari.

Gero arte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide