2023-2027 agintaldiko balorazioa herritarrekin partekatu nahi du Getariako EH Bilduk, eta solasaldia egingo du horretarako. Datorren ostegunean, urriaren 8an, izango da, 19:00etan Berdura Plazan. Bertan, Haritz Alberdi alkateaz gain, udal gobernua osatu duten beste bost hautetsi ere izango dira.
Taldeak zehaztu duen moduan, solasaldiaren helburua da azken ia lau urteotan egindako ibilbidea herritarrekin partekatzea, eta, era berean, agintaldiaren azken hilabeteetarako planteatutako erronka eta asmoen berri ematea. Izan ere, EH Bildu 2023an hauteskundeetara aurkeztu zenean, Getaria bizitzeko eta bizi-proiektuak garatzeko moduko herria izatea zen taldearen konpromisoetako bat, eta, horri lotuta, legealdian zehar hainbat arlotan egindako lana izango dute hizpide.
Gainera, EH Bilduk jakitera eman duenez, 2023-2027 agintaldiko balantzea jasotzen duen aldizkaria osatu du, eta herriko buzoietan banatuko dute datozen egunetan. Aldizkariak agintaldian egindako lan nagusiak eta bidean diren proiektuak jasotzen ditu, eta arlo ezberdinetan egindako ibilbidearen ikuspegi orokorra eskaintzen du. Besteak beste, etxebizitza, hirigintza, mugikortasuna, kirola, aisialdia, ekipamenduak, kultura, euskara, berdintasuna, zaintza, ingurumen eta udal kudeaketaren inguruko ekimenak biltzen ditu. Aurrera begira dituen proiektuak eta erronkak ere aipatzen ditu aldizkariak; hala nola Herrerieta-Balentziaga arteko igogailua, Katrapunako birpartzelazioa, Santanapearen irisgarritasuna eta HAPO berriaren bidez Getariaren etorkizuneko plangintza.
Datorren osteguneko hitzorduan aldizkari horretan jasotako balantzearen berri zuzenean emango du EH Bilduk. Horregatik, herritarrak solasaldira gerturatzera gonbidatu ditu, agintaldiaren balorazioa zuzenean ezagutzeko eta Getariaren etorkizunari buruzko ikuspegia partekatzeko.