Getariako Udalak Eskualtxeta eraikina eraitsi eta haren ordez 20 alokairuko zuzkidura-etxebizitza inguru eta udalaren jabetzako aparkalekuak izango dituen eraikin berria egiteko oinarrizko proiektua idatziko du. Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko akordioaren barruan kokatzen da egitasmoa: Udalak proiektua prestatuko du, eta Eusko Jaurlaritzak, 2027tik aurrera, dagozkion izapideak egin eta eraikina gauzatzeko prozesuarekin aurrera egingo du.
Oinarrizko proiektuak 20 etxebizitza inguruko programa jasoko du. Etxebizitzen %60-70ak logela bakarra izango dute, 12 eta 14 etxebizitza artean, eta %30-40ak bi logela, 6 eta 8 artean. Proiektuaren baldintza teknikoek, gainera, eraikinaren bizitza erabilgarrian mantentze-kostuak ahalik eta gehien murriztea lehenetsiko dute. Horretarako, bizitza erabilgarri luzeko eta mantentze-lan txikiko eraikuntza-sistemak erabiliko dira.
Proiektua idazteko zerbitzuaren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 40.000 eurokoa izango da, BEZa barne: 33.057,85 euro gehi 6.942,15 euroko BEZa. Kontratuak bi hilabeteko iraupena izango du, kontratua formalizatu eta hurrengo egunetik aurrera. Kontratazioa prozedura ireki sinplifikatuaren eta lizitazio elektronikoaren bidez egingo da. Esleipenean, memoria teknikoak 45 puntu izango ditu, prezioak beste 45 eta lanen irismeneko gainprestazioek 10 puntu.
Aparkalekuak sestra azpian
Etxebizitzez gain, eraikin berriak udalaren jabetzako aparkaleku autonomoak izango ditu sestra azpiko bi solairutan. Proiektuak ahalik eta plaza-kopuru handiena proposatu beharko du, eta garajeetarako sarbidea definitzeko Plan Berezian jasotako aukerak aztertuko dira. Besteak beste, Herrerieta kaletik sartzeko aukera edo ondoko aparkalekuarekin lotura aurreikusten dira.
Baldintzak
Bestalde, eraikinak jasangarritasun eta energia-eraginkortasun irizpideak bete beharko ditu. Horien artean daude diseinu bioklimatikoa, argiztapen eta aireztapen naturala aprobetxatzea, isolamendu termikoa hobetzea, zubi termikoak murriztea eta energia berriztagarriak erabiltzea. Errendimendu handiko instalazioak eta eraikinaren bizi-zikloaren kostuak murrizteko irtenbideak ere lehenetsiko dira.
Proposamen arkitektonikoek, gainera, A energia-kalifikazioa lortu beharko dute emisioetan, lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoan eta berokuntza-eskarian.
Irisgarritasun unibertsala ere proiektuaren baldintzetako bat izango da. Hala, etxebizitza guztiek irisgarritasun-baldintzak bete beharko dituzte, eta ez bakarrik egokitutako etxebizitzen erreserban sartzen direnek. Baldintza horiek, besteak beste, etxebizitzaren sarreran, komun batean, sukaldean, egongela-jangelan eta logela batean bermatu beharko dira.
Eraikin berriak, gainera, Balentziagaren ondoan aurreikusitako igogailu publikoarekin lotura izan beharko du kontuan. Aurreikuspenaren arabera, igogailuaren pasabidea eraikinaren beheko solairuan sortuko den atzerapen-espazioarekin lotuko litzateke.