Hirugarren urtea du Supituki antzerki eskolak Getarian. Hiru ikasturte errepikaezinak eta bakarrak diren kontakizunak sortzen, inprobisazioari plaza eskaintzen. Egoitz Aizpuruk (Oñati, Gipuzkoa, 1976) gidatzen ditu antzerki inprobisatu eskola horiek, eta une honetan, hamalau pertsonako talde bat du osatua.
Labur-labur azaldu du Aizpuruk zertan datzan antzerki inprobisatua: "Aurretik gidoi bat ez duen istorio bat kontatzea da". Kontakizun hori aktoreek une horretan asmatutako inprobisazio batetik taularatzen dute, "eta horrexegatik dira istorio originalak, errepikaezinak eta freskoak".
Ohiko antzerkian ez bezala, antzerki inprobisatuak ez du eszenografiarik, ezin baitaiteke aurreikusi antzeztuko den lana. "Horregatik, istorioa kontatzeko beharrezko objektuak edota paisaiak imajinarioak dira", kontatu du Aizpuruk. Arrazoi beragatik, pertsonaiek ez daramatzate arropa zehatz batzuk soinean, eta horiek ere norberak irudikatu behar ditu.
Inprobisatua izateak, ordea, ez du esan nahi atzean lanketa bat ez dagoenik, ezta gutxiago ere. "Inprobisatzen ere ikasi egiten da", egin du azpimarra Aizpuruk. Irakasleak kontatu duenez, oholtza gainean inprobisatzen jakiteko teknika batzuk lantzen dituzte eskolan. Esaterako, entzute aktiboa deritzona jorratzen dute: "Hau da, ikasleek ikasi behar dute oso adi entzuten alboan dutenak zer esan nahi dien, nola eta zergatik, eta ondoren hori barneratu", azaldu du.
Beste gakoetako bat ikasleei talde lanean jarduteko erremintak ematea dela kontatu du Aizpuruk: "Antzerki inprobisatua ezin da ulertu taldean ez bada". Hirugarren teknika "albokoa ez epaitzea" izango litzateke. "Ezin dugu esan ondoan dugun aktoreak dioena ondo edo gaizki dagoen, informazioa jaso ahala jaso aurrera egin behar dugu".
Horrez gain, Bai, eta gainera teknika ere lantzen dute eskolan. "Teknika horrekin ikasten dutena da beste aktoreak emandako informazioari jarraipena ematen, horren gainean zerbait berria eraikitzen, modu txandakatuan".
Halaber, Aizpuruk dio istorioak pertsonaia edota leku "deserosoetara" eraman dezakeela bat, "eta horrekin jolasten ere ikasi egin behar da". Une deseroso horiek hutsean geratzera eraman dezakete bat, baina horretarako ere badu konponbidea Aizpuruk: "Interpretatzen ari garen pertsonaia hutsean geratu dela esan dezakegu, eta hortik tiratu, korapiloa askatu arte".
Teknika edota trikimailu horiez gain, Aizpuruk argi eta garbi utzi nahi izaten die ikasleei antzerki inprobisatua "dibertsiotik eta dibertsiorako" egiten dela, "bestela ez du inolako zentzurik".
Zazpi urte inguru daramatza Aizpuruk antzerki inprobisatuko eskolak ematen, eta horietatik hirutan eman ditu eskolak Getarian. Horrez gain, Donostian ere eskainiko ditu eskolak ikasturteko lehen hiruhilekoan, Euskal Herriko Unibertsitatean, hango ikasleentzat eta langileentzat, eta interesa duen orok idatz diezaioke konpainiari.