Urriaren 3an, larunbata, jokatuko dute aurten Gaztetape Surf Txapelketa Herrikoia, Gaztetape surf elkarteak antolatuta. Bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 30era arte izango dute izena emateko aukera. Txapelketaz gain, kirolariek zein ikusleek gozatzeko moduko egun osoko egitaraua prestatu du elkarteak.
Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute hitzorduan, eta modalitate ezberdinak ere egongo dira aukeran: hau da, Surf Txiki, Body Txiki, Open Surf, Open Body, Open Neskak, Master Surf eta Longboard kategoriak bereiziko dituzte. Antolatzaileek ohartarazi dute pertsona bakoitzak gehienez ere bi kategoriatan eman ahal izango duela izena.
Goizean jokatuko dituzte kategoria bakoitzeko kanporaketak, ondoren paella bazkaltzeko aukera egongo da, eta arratsaldean izango dira finalak. Iluntzean, berriz, sari banaketa eta mokadutxoa egingo dituzte.
Hori horrela izanik, izena emateko 627 01 30 66 telefono zenbakira deitu edota idatzi daiteke, kategoria zehaztuz. Inskripzioa 10 euro izango da, eta ordainketa txapelketaren egun berean egin beharko da, goizean, txapelketa hasi aurretik. Era berean, elkarteak gogorarazi du parte hartzeko beharrezkoa dela getariarra izatea edota herrian bizitzea.