Potzuaga Gainean eraikiko dituzten etxebizitzen %75 babes publikokoak izango direla esan du udalak

Maddi Txintxurreta

Potzuaga Gaineko proiektua jasotzen duten maketen irudiak. (Juan Luis Romatet)

Berriki legez jaso duten lehentasunezko jarduketaren figura baliatuko du Getariako Udalak Potzuaga Gaineko proiektua azkartzeko eta eremu horretan aurreikusten dituen etxebizitzen %75a babes publikokoak izan daitezen ziurtatzeko.

Potzuaga Gainean eraikiko dituzten etxebizitzen %75 babes publikokoak izango direla jakinarazi du Getariako Udalak. Hori lortzeko, berriki legez jaso duten lehentasunezko jarduketaren figura baliatuko du EH Bilduk gidatzen duen gobernuak. 

Urteetan eraikuntzez libre egon den Potzuaga Gainean 200 etxebizitza egiteko proiektua du Getariako udalak, eta herrian dagoen "etxebizitza beharrari erantzuteko" asmoz, horien %75a babes publikokoak izango direla ziurtatu du.

Lehentasunezko jarduketa izeneko legezko figurak eskaintzen dituen tresnak baliatuko ditu horretarako. Udalak azaldu duenez, tresna horrek administrazioari berari ematen dio prozesuari ekiteko aukera, eta ohiko prozedura baino bide arinagoa ahalbidetzen du.

Haritz Alberdiren gobernuaren ustez, "aukera hori baliatzea garrantzitsua da urteetan geldirik egon den eremu baten garapena aktibatzeko eta Getariako etxebizitza beharrari erantzuten hasteko". Halaber, udalak nabarmendu du ekimen horrek aukera emango duela Getarian etxebizitza eskuratzeko zailtasunak dituzten herritarrentzat eskaintza berria sortzeko.

Getariako Udalak jakinarazi du, bestalde, Potzuaga Gaineko etxebizitzen proiektua bi fasetan gauzatzea aurreikusten duela, Sahatsaga Goiko etxebizitzen kasuan egin zuen bezala.

"EH Bildurentzat Potzuaga Gainaren garapena ez da soilik hirigintza jarduketa bat. Etxebizitza politikarekin lotutako erabakia ere bada, Getarian etxebizitza eskuratzeko aukerak zabaltzea eta herrian bizi nahi duten herritarrentzat aukera berriak sortzea ahalbidetuko duena", berretsi du udalak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide