Euskal Surf Zirkuituko finala jokatzeko prest dago Noah Arakistain (Getaria, 2010) surflaria. 16 urtez azpiko kategorian ari da lehiatzen, bi modalitatetan, bodyboardean eta surfean, eta gogotsu dago azken erronkarako. Aizarnazabalgo Wavegardenean izango da final handia, baina txapelketaren antolatzaile den Euskal Herriko Surf Federazioak ez du oraindik kirol hitzorduaren egun zehatza jakinarazi.
"Gogotsu" baina "urduri" dago surflari gaztea finalerako; izan ere, aitortu du sekula ez duela olatu artifizial batean surf egin, eta, beraz, hitzordu handian estreinakoz ariko dela halako eremu batean. Arakistainek hiru aurkari gogor izango ditu aurrez aurre finalean: Ander Mendiluze, Lur Iglesias eta Bruno Arozena, hain zuzen ere. Bodyboardean, berriz, ondorengo hauek izango ditu aurkari: Ibon Larrinaga, Manex Ezenarro eta Kea Arakistain.
Finalera sailkatzeko, launa proba jokatu ditu Arakistainek surfean zein bodyboardean: lehenengoa Donostian izan zen, Grosen; bigarrena Getarian; hirugarrena Bakion (Bizkaia); eta laugarrena La Arena hondartzan, Muskiz (Bizkaia) eta Zierbena (Bizkaia) artean.
Azken horretan lehen postuan sailkatu zen Arakistain bi modalitateetan. "Oso pozik" amaitu zuen jardunaldia, eta "goiko postuen borrokan" ibiliko zela uste bazuen ere, "sorpresaz" jaso zuen urrezko domina. Izan ere, gainerako hiru probetan maila ona erakutsi du getariarrak, eta garaipenik poltsikoratzea lortu ez badu ere, guztietan sailkatu da finalera. Hain justu, horietan bildutako puntuei esker izango da final handian.
Ibon Amatriain du entrenatzaile Arakistainek, eta orain urtebete hasi ziren elkarrekin lanean. Getariarrak aitortu du "oso eroso" sentitzen dela harekin, eta kontatu du gehienbat Getarian eta Zarautzen entrenatzen dutela. "Ibonek asko daki, mundu osoko surflari ugarirekin egin du lan, eta asko laguntzen dit uretan eta bertatik kanpo", egin du azpimarra.
Uretan hazitakoa
Bizitza osoa darama Arakistainek uretan. Gogora ekarri duen moduan, ia oinez hasi bezain pronto probatu zuen lehen aldiz bodyboarda: "2 urte besterik ez nituela sartu nintzen lehen aldiz uretara, bodyboardarekin, eta geroago probatu nuen surfa".
Ikasten jarraitzeko gogoa du getariarrak, eta hazten joateko, surflari ugariren pausoak jarraitzen ditu. Hala eta guztiz ere, aitortu du aita duela "erreferente": "Berak ematen dizkit aholkurik onenak".