Getariako EAJk turismo egonaldien gaineko zerga ezartzea proposatu du

Intza Trula

Getariako plaza herria. (Getariako EAJ)

"Udal zerbitzuak hobetzeko eta etxebizitzen ohiko alokairua sustatzeko" helburuarekin egin du proposamena udal taldeak. Proposamenak ekarpen desberdinak ezartzen ditu ostatu motaren arabera, eta bildutako dirua garbiketara, hondartzetara, mugikortasunera, espazio publikora, ondarera, etxebizitzara eta bizikidetzara bideratzea planteatzen du.

Turismo egonaldien gaineko zerga arautzeko ordenantza fiskalaren proposamena erregistratu du Getariako EAJren udal taldeak. Arrazoitu duenez, "udal zerbitzuak hobetzeko eta etxebizitzen ohiko alokairua sustatzeko" asmoarekin luzatu du proposamena. "Helburua da turismo eredu jasangarri, arduratsu eta kalitatezko baterantz urratsak egitea, eta turismo jarduerak udalerriarentzat eta getariarrentzat zuzeneko itzulera izan dezan lortzea". 

Talde jeltzaleak gogorarazi du turismoa jarduera ekonomiko "garrantzitsua" dela herriarentzat, baina, aldi berean, azpimarratu du "presio handiagoa eragiten duela hainbat zerbitzutan, hala nola garbiketan, hondartzen mantentze-lanetan, mugikortasunean, aparkalekuan, espazio publikoan, ondarean edo bizikidetzan". Era horretan, EAJren nahia da jarduera horiek eragindako kostuak "modu proportzionalean konpentsatzea eta lortutako baliabideen zati bat udalerria hobetzera bideratzea".

Proposamena aurkeztearekin batera, Getariaren "errealitatea" islatzen duten ondorengo datuak plazaratu dituzte jeltzaleek: udalerriak 524 ostatu-plaza inguru ditu 2.906 biztanlerentzat, eta turismo-intentsitatea %18 ingurukoa da. Hori horrela, ondorengoa proposatzen du ordenantzak: 0,50 euro ordaintzea egonaldi-unitateko nekazaritza-turismoko establezimenduetan, eta 4,50 euro bost izarreko hoteletan. Erabilera turistikoko etxebizitza osoen kasuan, ekarpena 6 eurokoa izango litzateke, eta logelaka lagatzen diren etxebizitzen kasuan, berriz, 5 eurokoa. Pertsona eta egonaldi jarraitu bakoitzeko gehienez sei egonaldi-unitate ezartzen dira.

Erabilera turistikoko etxebizitzek ekarpen handiagoa egitearen proposamena egin du EAJk, bi helburu oinarri hartuta: "Alde batetik, modalitate horrek sortzen duen eraginarekiko ekarpen proportzionalagoa egitea; eta, bestetik, etxebizitza gehiago ohiko alokairura bideratu ahal izatea sustatzea". Talde jeltzaleak dio  "turismo-politikak getariarrei etxebizitza eskuratzen lagundu" behar diela, eta Getaria "urte osoan bizitzeko herria" izaten jarrai dezan lagundu behar duela.

Era berean, EAJk proposatu du bildutako dirua turismoarekin harreman zuzena duten zerbitzuetara bideratzea, "lehentasunaren arabera": hau da, %25 garbiketara, hondartzetara eta hondakinetara; %20 mugikortasunera, aparkalekuetara eta garraiora; %15 espazio publikora, irisgarritasunera eta mantentze-lanetara; %15 ondarera, alde zaharrera, portura eta paisaiara; %10 etxebizitza turistikoen jarraipenera eta bizikidetzara; %10 segurtasunera eta babes zibilera; eta %5 datuetara, gardentasunera eta komunikaziora.

Horrez gain, urtero jarraipen-memoria publiko bat egitea nahi du EAJren udal taldeak, "bildutako diruaren eta finantzatutako jarduketen berri emateko". Jeltzaleen hitzetan, "helburua da turismo jarduera herritarren bizi kalitatearekin bateragarri egitea, turismoaren hazkundea antolatuz eta Getaria bisitatu eta herriaz gozatzen dutenek zerbitzu eta espazio publikoak mantentzen eta hobetzen ere lagunduko dutela bermatuz".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide