Nazioarteko Jakien Azokaren bosgarren edizioa egingo dute urriaren 10ean Getarian, eta zabaldu dute egitasmoan parte hartzeko izena emateko epea. Artzape euskara elkarteak eta Getariako Udalak elkarlanean antolatu dute gastronomia hitzordua, herriko kulturaniztasuna plazara eramateko xedez. Azokan parte hartu nahi dutenek 688 71 66 09 telefono zenbakira deitu edo WhatsApp mezua bidal dezakete, baita info@artzape.eus helbidera mezua idatzi ere.
Munduko hainbat txokotako jakiak probatzeko parada izango da egun horretan Getarian. Horregatik, munduko txoko hainbatetatik Getariara etorritako herritarrei parte hartzera animatzeko deia egin diete. Izan ere, herritarrek beren jatorrizko herrialdeko kutixiak prestatzeko eta herritarrekin partekatzeko aukera izango dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, janaria ez ezik, "kulturak, ohiturak eta bizipenak" ezagutzeko tartea ere eskainiko du azokak.