Iturzaeta Herri Eskolako berritze-lanak amaitu dituzte

Enara Ariznabarreta

Iturzaeta eskolako hobekuntza-lanak. (Getariako Udala)

Ikastetxeko eraikinaren kontserbazio-egoera hobetu eta hezkuntza-komunitateak erabiltzen dituen instalazioak zaindu eta egokitu dira. Guztira, 142.000 euroko inbertsioa egin du udalak.

Getariako Udalak Iturzaeta Herri Eskolako eraikinean egindako berritze eta konponketa lanak amaitu ditu. Abuztuaren 31ean amaitu zituzten lanak, eta azken bisita irailaren 3an izan zen. Jarduketa honen bidez, ikastetxeko eraikinaren kontserbazio-egoera hobetu eta hezkuntza-komunitateak erabiltzen dituen instalazioak zaindu eta egokitu dira, haren egoera hobetzeko eta ikastetxeko instalazioak datozen urteetarako baldintza egokietan mantentzeko asmoz. Guztira, 142.000 euroko inbertsioa egin du udalak.

Lanak eraikinaren kanpoaldeko hainbat eremutan egin dituzte, besteak beste, fatxadetan, balkoi eta terrazetan, leihoetan, alero eta kanaloi sisteman, kanpoko eskaileretan eta estalkiko beluxetan. Fatxadetan, habe eta zutabeetako pitzadurak eta hormigoizko elementuen narriadurak konpondu dituzte, baita leihoen eta fatxaden arteko loturak ere berritu eta zigilatu ere. Halaber, gainazalak garbitu eta tratatu ondoren, fatxada guztiak berriro margotu dituzte, "diseinu eta kolore gaurkotuagoekin".

Balkoi eta terrazetan, berriz, hondatutako eta askatutako elementuak kendu, gainazalak garbitu eta iragazgaiztu, eta zeramikazko pieza berriak ezarri dituzte. Gainera, alero, zorroten eta kanaloi sisteman ere konponketak egin dituzte, uraren sarrerak saihesteko eta euri-uren drainatzea hobetzeko. Era berean, kanpoko eskaileretan eta eraikinaren eta lurzoruaren arteko loturetan hainbat elementu berritu dituzte. Bestalde, estalkiko beluxak berritu dituzte, belux motorizatu berriak eta eguzkiaren babesa emateko gortinatxo mekanikoak jarriz. Terrazetarako sarbideetan ere ate berriak jarri dituzte, beira termikoko aluminiozko arotzeriarekin.

Udalak jakitera eman duenez, udalerriko hezkuntza-instalazioen mantentze eta hobekuntzan inbertitzen jarraituko du, ikasleek eta hezkuntza-komunitate osoak instalazio egokiak izan ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide