HAPOaren aurrerakina aurkeztuko du Getariako Udalak Meagan eta Askizun

Intza Trula

Askizu auzora doan errepidea. (Artxibokoa)

Lehenengo bilera irailaren 7an, 20:00etan, izango da, Meagako Artelatz elkartean; bigarren, berriz, irailaren 10ean, 20:00etan, Askizuko San Martin elkartean.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurrerakina herritarrekin partekatu nahi du Getariako Udalak, eta bi saio antolatu ditu datorren astean. Meaga eta Askizu auzoetan izango dira bilerak, hain zuzen ere.

Meagan izango da lehenengo saioa, hilaren 7an, 20:00etan. Artelatz elkartean jarri dute hitzordua. Askizun, berriz, hilaren 10ean izango da, 20:00etan, San Martin elkartean.

Bi saioetan parte hartuko dute HAPOaren aurrerakina lantzen ari diren Santi Peñalba arkitektoak eta Iñigo Peñalba arkitekto doktoreak. Aurrerakinaren edukia eta proposamen nagusiak azalduko dituzte beraiek jendaurrean, eta, era berean, auzotarren zalantzak eta ekarpenak jasoko dituzte.

Udalaren esanetan, "HAPOa Getariaren datozen urteetako garapena eta antolamendua zehazteko oinarrizko tresna" izango da. Horregatik, erakundeak herritar oro animatu du saioan parte hartzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide