Atzo duela 500 urte zendu zen munduari bira eman zion aurreneko marinela, 1526. urteko abuztuaren 6an, Salbatore egunean, eta gaur, herritarrek Lehorreratzea antzeztuz oroitu dute haren figura, eta hark utzitako ondarea. Getariarra zen Joan Sebastian Elkano, eta getariarrena da historia.
17:00etatik belaxe hasi da ekitaldia moilan, agur tiroekin, sirenarekin eta kanpai hotsekin. Moila eta inguruak jendez mukuru ziren, eta Nao Victoria ontzia agertzearekin bat isiltasuna handitu da. Momentu bereziki hunkigarria izaten da askorentzat, baita Elkanorena egiten duen gizonak itsasontzia utzi eta oinak lurrean jartzen dituen momentua ere. Aurten Mikel Larrañaga herritarrak izan du ohore hori, Iñigo Isastiri lekukoa hartuta. Haren atzetik atera dira ontzitik eskifaiako gainerako kideak, 21 denera, tartean Saioa Etxeberria, tripulante europar bat antzeztu duen aurreneko emakumea.
Oinutsik eta burumakur egin dute guztiek moilatik Salbatore Deuna elizara arteko bidea. Atzetik izan dituzte herriko musika banda eta agintariak: besteak beste, Haritz Alberdi Getariako alkatea eta bi alderdietako udal ordezkariak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maite Peña bigarren diputatu nagusiordea, Unai Andueza Ogasun diputatua eta Leandro Azkue Arrantzako eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordea. Getariako alkate izandakoak eta eskualdeko hainbat alkate eta zinegotzi ere bertaratu dira, baita Albaolako eta Euskal Itsas Museoko ordezkariak ere.
Behin elizan, herriko abesbatzak Ave Maria abestia kantatu die Elkanori eta eskifaiako hamazazpi kideei –indigenak kanpoan gelditu dira– eta elizkizun laburra gidatu du Fernando Prado Gipuzkoako gotzainak. Ondoren, Korrontzi taldeak pieza ezin biziagoak eskaini ditu, aurrena Oinkari dantza taldeko kideen laguntzarekin, gero Gure Txeruko dantzari txikien laguntzarekin. Kontraste handia eta polita sortu da elizako lehenengo eta bigarren zatien artean.
Bitartean, bost kontinenteetako ordezkariak azaldu dira eliza aurrera, tartean Elkanoren ama, Catalina del Puerto, Europa ordezkatuz. Handik, Elkanorekin batera karrozara igota, marinelaren omenezko monumentura arteko bidea egin dute, ehunka ikusleren erditik igarota Kale Nagusian gora. Amaierako ekitaldian Korrontzi taldeko Agus Barandiaranek Bi mundu abestia interpretatu du bost kontinenteetako kideek munduaren esfera osatzen zuten bitartean, eta herriko abesbatzak Gora Elkano ereserkia abestuz amaitu da lau urtean behin ospatzen den ekitaldi berezia.
Haritz Alberdi alkateak astean zehar nabarmendu bezala, "Lehorreratzea ez da ekitaldi bat bakarrik. Herri oso batek bere historia bizirik mantentzeko hartzen duen konpromisoa da. Getariak bere historiari egiten dion omenaldia da. Eta, batez ere, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ondarea".
Goiz partea, lasaia
Aurten Lehorreratzearekin batera egokitu dira Salbatore jaiak, eta goizean goizetik nabarmena zen festa giroa, baita kanpotarren joan-etorria ere, uda betea izanda eta eguna eguzkitsu esnatuta. Hala ere, eguerdi partean eta arratsaldeko lehen orduan lasaitasuna izan da nagusi herrian.
Eguneko protagonistek Iribar jatetxean bazkaldu dute, eta umore oneko atera dira kanpora. Argazkiak egin batean eta bestean, eta 14:00 aldera Astillero jatetxean izan dira kafea hartzen. Handik, moilan prest zegoen Nao Victoria ontzira joan dira, hozkailu eramangarri eta guzti.
Herritar eta bisitari gutxi batzuk hasiak ziren tokia hartzen, itzaletan, eguzkiak gogotik jo baitu gaurkoan.
Goiza bezala, ekitaldia bera ere lasai joan da, eta ez da inolako intzidentziarik izan. Urduritasunak pasatuta, protagonistak irribarretsu iritsi dira Balentziaga Museoko koktelera. Nekeak neke, nahi duenak festa luzatzeko aukera izango du gauean, salbatoreen alaitasunean murgilduta.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Onintza Lete Arrieta)