Elkanoren heriotzaren bosgarren mendeurrenaren harira bi hitzaldi eman dituzte Bilboko Itsasmuseumen

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 6a

Jardunaldiaren antolatzaileak, gaur, Bilboko Itsasmuseumen atarian. (Getariako Udala)

Joan Sebastian Elkanoren "azken borondateak eta nabigatzaile gisa erakutsi zuen aparteko gaitasuna ardatz hartuta" bi hitzaldi eskaini dituzte. Itsasmuseum Bilbaok, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Getariako Udalak antolatu dute jardunaldia. 

Joan Sebastian Elkanoren heriotzaren 500. urteurrena dela eta, Itsasmuseum Bilbaok, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Getariako Udalak hitzaldi berezia eskaini dute gaur goizean Itsasmuseum Bilbaon. Jardunaldiak Elkanoren bizitza eta ondarea sakonago ezagutzeko aukera eskaini du, "haren azken borondateak eta nabigatzaile gisa erakutsi zuen aparteko gaitasuna ardatz hartuta".

Ekitaldian izan dira Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendaria, Amaia Arregi Bilboko alkateordea, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea eta Marian Iriarte EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako errektoreordea.

Bi hitzaldiak, berriz, Manuel Romero eta Enrique Santamaria adituek eskaini dituzte. 

"Zer egin nahi dugu gure historiarekin?"

Hitzaldiaren barruan, Haritz Alberdi Getariako alkateak ere hartu du hitza. Galdera zaila bota du: "Zer egin nahi dugu gaur gure historiarekin?". Eta horri erantzuten saiatu da:  "Uste dut azken urte hauetan erantzun bat eraikitzen hasi garela. Ez erantzun bakarra. Ez kontakizun itxi bat. Baina bai norabide bat. Ezagutzaren bidea. Elkarrizketaren bidea. Eta iraganaren aitortzatik, etorkizun hobe bat eraikitzeko bidea. Izan ere, gure historia guk ezagutzea ez da iraganari begiratzea bakarrik", esan du. Haren ustetan, "etorkizunean nolako herria izan nahi dugun erabakitzea ere bada".

"Ez dugu iragana ezkutatu, idealizatu, ez epaitu nahi, ulertu baizik. Ulertu,  gaur hobeto bizitzeko, eta, batez ere, bihar mundu hobe bat eraikitzeko. Horixe da, nire ustez, Elkanoren inguruan egin dugun lanaren ondarerik handiena, eta horixe da belaunaldi berriei utzi nahi diegun ondarea ere", nabarmendu du Alberdik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide