Aurreneko aldiz interpretatuko duzu Elkanoren Lehorreratzean Joan Sebastian Elkano. Urduri?
Azken egunetan bai, prentsatik dei asko jasotzen ari bainaiz. Abisatu zidaten Elkanoren papera egiteak bi lan zituela: antzeztea bat, eta prentsarekin hitz egitea, bestea. Eta bat bestea baino zailagoa zela ere esan zidan Iñigok [Isasti, orain arte Elkanoren papera egin duenak].
Lehorreratzea pasatu arte ezin jakin bietan zailena zein den, ezta?
Hala da.
Iñigo Isastiren lekukoa hartuko duzu. Aholkurik eman al dizu?
Esan zidan bazekiela ez dela erraza lasai egotea, telebistako kamerak eta ehunka herritar zuri begira daudelako eta gero egiten duzun horretaz jardun egiten delako, baina nabarmendu zidan egiten dudana egiten dudala, ondo egongo dela, ez baitago inon idatzita Elkanok nola egin behar duen antzezpena. Lasai hartzeko eta eguna ondo pasatzeko esan zidan.
Ondo ezagutzen duzu ekitaldia bera, 2014tik atera izan zarelako Lehorreratzean eskifaiako kide gisa. Elkanorena egitea, ordea, beste kontu bat da. Baiezkoa ematea asko kostatu zitzaizun?
Bai, alde handia dago. Iñigok [Isasti] utzi egiten zuela esan zidan, eta galdetu zidan ea neuk egingo al nuen; harrituta gelditu nintzen ez zuelako jarraitu behar, baina baietz, egingo nukeela esan nion berehala. Gero hasi nintzen pentsatzen non sartu nintzen. Izan ere, eskifaiako kide aritzen nintzenean atze samarrean joaten nintzen, eta kameren aurrean gutxi ateratzen nintzen. Andreak ere galdetu zidan ea ondo pentsatu nuen, pertsona oso urduria naizelako. Baietz esan nion, baiezkoa eman nuela, eta egin egingo nuela.
Zeuretzat zein da Lehorreratzeko momentu hunkigarriena?
Moilara iristeko une hori beti izaten da hunkigarria; sirena eta kanpaiak jotzen hasten dira, jendetza ikusten duzu moilan, denak begira, eta niri barrua gehien horrek mugitzen dit. Hunkitu eta beldurtu egiten zaitu aldi berean. Niri bezala, eskifaiako gainerakoei ere momentu horrek eragiten die gehien.
Zeure buruari helbururen bat jarri diozu? Zerekin geldituko zinateke konforme?
Barregarri gelditzeko ezer egitearekin, nahikoa. Nik ahalik ondoen egingo dut nire papera. Badakit hunkitu egingo naizena, argi dut, senitartekoak hor egongo direlako ekitaldia ikusten. Bi ume txiki ditut, gainera, eta haiek aurreneko aldiz ikusiko dute Lehorreratzea. Ez dakit nola erreakzionatuko duten ni ikustean; beldurtu egingo dira, akaso.
Getariarrontzat oso garrantzitsua da ekitaldi hau. Gurasoek edo aiton-amonek zerbait esan dizute? Harro egongo dira zuk Elkanoren papera egin behar duzulako...
Ez didate ezer esan, baina nabaritu egiten diet urduri daudela. Izeko batek esan dit lasai egoteko, ondo egingo dugula, baina amari, itxurak egiten dituen arren, antzeman egiten diot urduri dagoela.
Zein da gaurko plana?
Goizean elkartuko gara, 09:00etan, itsasontzian dena prest uzteko. 12:30era arte pare bat trago hartu, Iribar jatetxean bazkaldu, Astillero jatetxean kafea hartu, eta 14:30ean itsasontzirantz abiatuko gara. 17:00ak arte hantxe egongo gara. Lehorreratzea amaitutakoan, berriz, lagunekin elkartuko naiz, haiek bazkaria dute eta.
Zirkulazioan eragina
Gaur 17:00etan hasiko da Elkanoren Lehorreratzea, eta arduradunek jakitera eman dutenez, kostako N-634 errepidea itxi egingo dute Zumaia eta Zarautz artean, 15:00etatik 19:30era bitartean, eta ezingo da Getariara autoz joan.
Gaineratu dute anezkako autobusak izango direla denbora tarte horretan, 10-15 minutuan behin, Zumaia eta Getaria nahiz Getaria eta Zarautz artean. Zumaiatik Getariara doazen autobusek portura arteko zerbitzua emango dute, eta Gaztetapen buelta emanda Zumaiara itzuliko dira. Zarauztik doazenek, aldiz, Iturritxikin emango dute buelta, eta berriro Zarautzera itzuliko dira.
Meagatik, berriz, getariarrek bakarrik izango dute herrian sartzea. Horretarako, gidarien nortasun agiria ziurtatuko dutela adierazi dute.