Getariako EAJk eta EH Bilduk elkar kritikatu dute egunotan zabor bilketaren gaia dela eta. EAJ izan da aurrena oharra kaleratzen, EH Bildu hondakin bilketaren inguruan egiten ari den kudeaketa kritikatzeko, "azken asteotan herriko hainbat gunetan edukiontziak gainezka, hondakinak kanpoan, zikinkeria eta usain txarrak gero eta ohikoagoak direlako". EAJk salatu du "egoera hori aurreikusi" eta maiatzean neurri zehatzak proposatu zituela: edukiontzien hustuketa maiztasuna handitzea, hondakin guneen garbiketa eta kontrola indartzea, paperontzi gehiago jartzea —bereziki Alde Zaharrean— eta uda hasi aurretik zerbitzua indartzea.
Proposamena maiatzaren 12ko Batzorde Informatibo Orokorrean eztabaidatu arren, "EH Bilduko udal gobernuak eskaera horiek baztertu zituen, herria garbi zegoela eta neurri gehigarririk hartzeko beharrik ez zegoela argudiatuta". Bi hilabete geroago, "egoera bestelakoa da, eta San Roke eta Iribarrena kaleetako bizilagunek ere publikoki azaldu dute beren kezka, edukiontziak hustu gabe eta gainezka egon direlako, hondakinak kalean pilatuz eta zikinkeria zein usain txarrak sortuz".
EAJren iritziz, gertatutakoak ez du soilik garbitasun arazo bat erakusten, baizik eta "EH Bilduren aurreikuspen eta kudeaketa falta". Urola Kostako Udal Elkartea da Getarian etxeko hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzuaren arduraduna, eta gaur egun erakundearen arduraduna EH Bildu da. "Horregatik, EH Bilduk ezin du erantzukizuna saihestu: Getariako Udala gobernatzen du eta hondakinak biltzen dituen Udal Elkartea ere bere gidaritzapean dago. Aitzakiak alde batera utzi, kudeaketa bere gain hartu eta berehala neurriak hartzea eskatzen dugu".
EH Bilduren erantzuna
EH Bilduren erantzuna berehala etorri da. Ohar bidez, salatu du "EAJ, berriro ere, hondakinen gaia hauteskunde interesekin erabiltzen" ari dela, "egoera puntualak baliatuz herriaren eguneroko errealitatea desitxuratzeko".
Udal gobernuko alderdiaren ustez, Getariako hondakin guneak eta kaleak, "oro har, egoera onean eta garbi mantentzen dira", eta hori "herrian bertan egunero ikus daitekeen errealitatea da". Elkarlanaren ondorioa dela gaineratu du: "Egoera hori hondakin bilketako zerbitzuak, udal brigadako langileek eta herritarren gehiengoak erakusten duten konpromisoaren eta ardurazko jokabidearen ondorioa da". Horregatik, "bereziki balioan jarri" nahi du "hondakin bilketako zerbitzuak egiten duen lana, udal brigadako langileen eguneroko ahalegina eta herritarren gehiengoak hondakinak behar bezala sailkatu eta dagokien tokian uzteko erakusten duen ardurazko jokabidea. Horri esker mantentzen da Getaria zaindua, garbia eta txukuna", nabarmendu du.
EAJri gogorarazi dio gaur egungo hondakin bilketa eta garbiketa zerbitzua "aurreko agintaldian, EAJren gobernu garaian, Urola Kostako Udal Elkarteak onartutako lizitazioaren arabera ematen dela". Eta gaineratu du gaur egungo gobernua "zerbitzua egungo beharretara egokitzeko lizitazio berria prestatzen" ari dela, eta horretarako mankomunitateak hainbat lan saio egin dituela udalerriekin eta udal taldeekin.
EAJk erakutsitako azken argazkietako batean agertzen den Menditxoko gunea "herrian egunero-egunero jasotzen den hondakin gunea" dela azpimarratu nahi du EH Bilduk, eta bertan "arratsaldeko aparteko bilketa egitea ere eskatuta" dagoela. "Gure ustez, irudi horien atzean askotan herritarren gutxiengo baten jokabide desegokiak ere egoten dira, Indaux azpiko gunearen inguruan bizilagun batek berriki azaldu duen bezala. Horrek guztiak erakusten du egoera puntualei etengabe erantzuten zaiela, eta argazki interesatuek ez dutela islatzen herriaren eguneroko errealitatea". EH Bilduk herritarren gehiengoari eskerrak eman nahi dizkie "hondakinak modu egokian kudeatzeagatik eta espazio publikoak errespetatzeagatik".