Abuztuaren 7an Getarian antzeztuko duten lehorreratze ekitaldiarekin Juan Sebastian Elkanok egindako "mundu bira" goresteak kolonialismoa, estraktibismoa eta esklabotza ospatzea dakar Elkanori Ez! plataforma berriaren baitan antolatu den herritar taldearen iritziz. Horregatik, lau urtean behin egiten duten lehorreratzearen "izaera kolonialista eta arrazista" salatzeko agerraldi jendetsua deitu du astearterako, hilak 4, 20:00etan, Malkorbe hondartzan.
Elkanori ez, kolonialismoa salatu dezagun leloa izango duen irudi erraldoi batekin lagunduta, argazki jendetsu bat egingo du plataforma herritarrak astearteko protestan, eta agerraldira batzeko deia luzatu die herritarrei.
Elkanori Ez! taldeak gogoratu duenez, Getariako Salbatore jaietako ostiralean egingo duten herri antzezpenean 1522an nao Victoria Sanlucar de Barramedara (Cadiz, Espainia) iritsi zen unea irudikatuko dute, eta ohartarazi duenez, "'lehen mundu bira' gisa saldu diguten sarraski kolonial eta esklabista" omenduko du ekitaldi horrek.
Herri plataformaren iritziz, Gaztelako Koroaren espedizio kolonial batean parte hartu zuen konkistatzaile batek ez du gorespenik merezi. Kontrara, gogoratu dute Elkano ez zela "itsasgizon ausart hutsa", "konkistaren, zapalkuntzaren eta espoliazioaren zerbitzura" zegoen gizona baizik.
Gogoratu dute duela 500 urte hil zen Elkanoren figura historikoa XIX.mendean erreskatatu zuela Espainiak, eta gaur arte, bere irudia kolonialismoaren, Espainiako monarkiaren, armadaren eta nazionalismo espainiarraren ikur gisa erabili izan dutela. Beraz, Elkanoren irudia garbitzeko saiakerak gaitzetsi ditu taldeak: "Azken urteetan, Elkano inperialistaren irudia deserosoa egin zaie zenbaiti, eta Elkanoren irudia berreraikitzeko saiakera nabarmena egon da, Elkano 500 fundazioaren eskutik edota lehorreratzean aldaketa txikiak eginaz. Elkano humanista, euskaldun, itsasgizon noble eta berdinzale baten gaineko kontakizunez birsortu dute pertsonaia".
Elkanoren lehorreratzeak, taldearen ustez, figura hori zuritzen du, eta kolonialismoaren ondorioak ulertzeko eta gizarteratzeko memoria kritikoa bultzatu beharrean, "iruditeria koloniala eta estereotipo arrazistak indartzen eta eguneratzen ditu". "Horrekin batera, sistema baztertzailea bera sostengatzen duten botere harremanak finkatzen ditu", gaineratu du.
Karikatura arrazistak
Getariako herri antzezpenean, europarrak ez diren herrialdeetako pertsonaiak "exotikoak, homogeneoak eta estereotipatuak" baliran agertzen dituztela adierazi du plataformak, eta horrek "historikoki kolonizatutako herrialdeen deshumanizazioa" dakarrela ohartarazi. "Arrazaren karikaturizazioa erabiltzen dute, adibidez, blackface eginez, edota sinbolo kultural eta etnikoak nahieran apropiatuz. Erabilitako mozorro eta karakterizazioetan arrazializazioa eragiten duten ezaugarriak erabiltzen dituzte eta irudikatutako etnia edo talde batzuetan gorputz jakin batzuk sexualizatzen dira", esplikatu du.
Funtsean, azken urteetan enpresa pribatuen eta instituzio publikoen babesa jaso duen Elkanoren lehorreratzeak iragan koloniala "espektakulu" bilakatzen duela salatu du Elkanori Ez! taldeak. "Argi eta ozen diogu: antzezlan hau indarkeria kolonialaren, begirada eurozentrikoaren, inperialismoaren jarraipenaren eta arrazan oinarritutako kapitalismoaren hastapenaren ospakizuna da", ondorioztatu du plataformak.
Arrazoi horiengatik guztiengatik deitu ditu herritar guztiak asteartean, 20:00etan, Getariako Malkorbe hondartzan elkartzera.