Aurrera jarraitzen du Gaztetxe berriaren proiektuak

Enara Ariznabarreta 2026ko uztailaren 31

Getariako gaztetxea berria, obretan. (Getariako Udala)

Lagapena doakoa izango da, eta hasiera batean 15 urteko iraupena izango du. Gainera, eraikina egokitzeko obrek aurrera jarraitzen dute espazio autogestionatua martxan jartzeko beharrezko baldintzak lehenbailehen bermatzeko.

Getariako Udalak aho batez onartu du Getariako Gazte Asanbladari (GGA) eta Getariako GRAKA Underground Musika Elkarteari (GRAKA) Aldamar Parkeko 3. zenbakian dagoen udal eraikinaren erabilera lagatzeko proposamena. Erabaki horren bidez, bi elkarteek gazte eta kultur jarduerak garatzeko espazio egonkorra izango dute.

Lagapena doakoa izango da, eta hasiera batean 15 urteko iraupena izango du. Udalak adierazi duenez, "aukeztutako proiektuak herritarren onura publikorako helburua dute". "Espazio autogestionatu berriak gazteen parte-hartzea, sormena eta kultur ekimenak sustatzeko balioko du, baita herriko elkarteek euren proiektuak garatzeko azpiegitura egonkorra izateko ere".

Eraikinak hainbat erabilera izango ditu: esaterako, 140 metro koadroko kultur gunea, 35 metro koadroko entsegu-gelak eta bi elkarteek partekatuko dituzten sarrera, komunak eta instalazio-gelak.

Lagapenaren espedientea 20 lanegunez egongo da jendaurrean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaleko iragarki-oholean, alegazioak aurkezteko aukera emateko. Epe hori amaitu eta alegaziorik aurkezten ez bada, lagapena behin betiko onartuko da.

2025. urterako aurreikusitako lanak gauzatu ez arren, udalak jakinarazi du eraikina egokitzeko obrek aurrera jarraitzen dutela, espazio autogestionatua martxan jartzeko beharrezko baldintzak lehenbailehen bermatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide