Getariako EAJk hainbat kritika egin dizkio 2025eko ekitaldiko likidazioaz Udal Gobernuak egindako balorazioari

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 30a

Getariako udaletxea eta herriko plaza. (Getariako EAJ)

Udal taldearentzat, "Getariak eraginkortasunean, konpromisoen betetzean eta gardentasunean oinarritutako kudeaketa modu bat behar du". EH Bilduren Udal Gobernuak 2025eko ekitaldiko likidazioa "oso modu positiboan aurkeztu" ondoren kaleratu dute oharra jeltzaleek. 

Getariako EAJren udal taldeak oharra kaleratu du EH Bilduren Udal Gobernuak 2025eko ekitaldiko likidazioa "oso modu positiboan aurkeztu" ondoren. "Udalaren egoera ekonomikoa "oso sendoa" dela eta Getariarentzat albiste ona dela ziurtatu du udalak. Hala ere, EAJren ustez, datu ekonomikoez harago, beharrezkoa da aztertzea zer emaitza iritsi diren benetan herritarrengana". Horren aurrean, udal talde jeltzaleak galdera argi bat egin du: "Udalak baliabide nahikoak baditu, zergatik daude gauzatu gabe jarraitzen duten proiektuak edo aurreikusitako epeetan amaitu ez direnak?". 

EAJk azpimarratu du "getariarrek eskura dituzten baliabideak bukatutako proiektuetan, kalitatezko zerbitzuetan eta udalerri osorako jarduera erabilgarrietan bihurtuko dituen administrazio bat espero" dutela. "Baliabideak badaude. Orain, eraginkortasunez kudeatu behar dira, proiektuak epe barruan amaitu daitezen, hartutako konpromisoak bete daitezen eta herritarrek udalerriko errealitateari buruzko informazio osoa, zintzoa eta gardena jaso dezaten", adierazi dute jeltzaleek.

Oposizioko alderdiaren ustez, kezkatzeko arrazoi nagusia inbertsioen gauzatze maila da. "Udal Gobernuak hainbat jarduera nabarmendu baditu ere, horietako batzuk ez ziren osatu 2025ean zehar, eta beste batzuk 2026ko ekitaldira eraman behar izan dira". EAJk uste du errealitate hori ere argi azaldu behar dela, "getariarrek ez baitute proiektuak iragartzea edo tramitatzea bakarrik espero, baizik eta errealitate bihurtzea eta horien bitartez, beren egunerokotasuna hobetzea". Adibide gisa, Gaztetxe berria aipatu du talde jeltzaleak. "Udal Gobernuak proiektuak aurrera jarraitzen duela ziurtatzen duen arren, 2025ean ez dira aurreikusitako lanak gauzatu. EAJren ustez, alde nabarmena dago onartutako proiektu bat edukitzearen eta errealitate bihurtuta ikustearen artean. Herriko gazteriarentzat eta kultur sarearentzat oso garrantzitsua den jarduera izanik, gure ustez herritarrek merezi dute gardentasunez ezagutzea zein den beren benetako egoera", nabarmendu dute.

"Propaganda egiteko"

Gainera, kritikatu egin du Udal Gobernuak udal diru sarreren igoera soilik gobernu taldearen kudeaketaren ondoriotzat aurkeztu izana. "Inflazioa, prezioen igoera orokorra, Foru Funtsaren aldeko bilakaera edo obra lizentzien igoera bezalako faktoreek ere lagundu dute udal kontuak hobetzen". Horregatik, EAJk uste du datu horiek ezin direla "Udal Gobernuaren arrakasta esklusibo gisa" aurkeztu, "ezta errealitatea guztiz islatzen ez duen irudia transmititzeko erabili ere". Are gehiago: "Getariak ez du propagandarik behar, kudeaketa eraginkorra eta herritarren benetako beharretatik hurbil dagoena baizik".

Talde jeltzaleak defendatzen du egoera ekonomiko on batek epe barruan gauzatutako proiektuak ekarri behar dituela, konpromisoak bete behar dituela eta getariarrentzat informazio gardena eman behar duela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide