Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aurkeztu dute salbatoreen atarian

Intza Trula 2026ko uztailaren 30a

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren aurkezpena, atzo, herriko sarrerako muralaren aurrean. (Intza Trula)

Getariako Udalak, Gazte Asanbladak, Sortzen Aholkularitzak eta herritarrek parte hartu dute prozesuan. Protokoloak indarkeria matxista kasu baten aurrean jarduteko irizpideak biltzen ditu, eta PDF formatuan irakur badaiteke ere, behar-beharrezko informazioa eta laguntza eskatzeko telefonoak dituen diptikoa eta poltsikorako txartela ere kaleratu dituzte.

Astebete eskas falta da Getarian Salbatore jaiei hasiera emateko, eta festen atariko, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aurkeztu zuten atzo arratsaldean. Gaiari estu-estu lotuta dagoen lekua hautatu zuten horretarako: emakumeen aurkako indarkeria salatzea helburu duen herri sarrerako muralaren aurrean eman zituzten azalpenak, hain justu. Getariako Udalak, Getariako Gazte Asanbladak eta Sortzen Aholkularitzak parte hartu zuten ekitaldian.

Protokoloa orain aurkeztu badute ere, Getarian urteak daramatzate indarkeria matxistaren aurkako jarduerak, tailerrak eta hitzaldiak antolatzen. Ane Loidi Getariako Udaleko EH Bilduren zinegotziak azaldu zuen moduan, jarduera horietatik guztietatik "ikasten" joan dira, "hau guztia ikasketa bat baita". Haurrekin, gazteekin zein helduekin egin dute lanketa azken urteotan, eta jaietan ere presente egon dira, kalean, txosnetan zein tabernetan.

Dena den, udala eta Gazte Asanblada jakitun ziren pieza guztiak barne hartzen zituen puzzle bakar bat osatu behar zutela; hau da, herritar guztientzat eskuragarri egon zitekeen protokolo orokor eta sendo bat behar zutela. Loidik kontatu zuenez, pentsamendu hori berretsi zuten iazko jaietan, eraso baten salaketa jaso zutenean. "Ohartu ginen unea zela zerbait egiteko", zioen.

Ezinbesteko parte hartzea

Protokoloa osatzeko erabakia hartuta zegoen, eta, horretarako, diagnostiko bat osatzea izan zen eman beharreko lehen urratsa. Diagnostiko horretan, udalak, Gazte Asanbladak eta Sortzen Aholkularitzak ez ezik, herritarrek ere parte hartu zuten.

Oihane Zulet Sortzen Aholkularitzako ordezkariak eman zituen jarraitutako ibilbidearen xehetasunak. Lehendabizi, herritarrekin zein aisialdiko eragileekin elkartu zirela kontatu zuen, haien ekarpenak eta iritziak jasotzeko. Indarkeria matxistaz hitz egiten zuten saio horietan, bai emakumeek eta baita transmaribibolloek jasaten duten indarkeriaz. "Helburua zen herriak kontu hauen inguruan zuen pentsamendua entzun eta ulertzea, eta haien jakintza eta ibilbidea ezagutzea", azaldu zuen Zuletek.

Elkartze horietatik jasotako informazioa bildu ostean, hainbat ondorio jasotzen zituen diagnostikoa osatu zuten: besteak beste, ondorioztatu zuten herrian indarkeria matxistarekiko kontzientzia handia dagoela, baina eragileek ohartarazi zuten indarkeria-adierazpen ugari oraindik ere normalizatuta daudela. Horrez gain, herri txiki baten ezaugarriek egoera are konplexuago bihurtzen dutela ondorioztatu zuten: erasotzailearen eta biktimaren arteko ezagutza, familien eta lagun-sareen presioa edo estigma soziala direla eta, salaketa eta esku-hartzea zaildu egiten direla askotan. Diagnostikoak, era berean, ondorioztatu zuen Getariak baduela oinarri sendo bat indarkeria matxisten aurkako erantzun komunitarioa indartzeko.

Bigarren urratsean, diagnostiko hori erabili zuten protokoloari forma ematen hasteko. Puntu horretan, Gazte Asanbladaren ekarpena funtsezkoa izan zen; izan ere, taldeak jada bazuen indarkeria matxistaren aurrean jokatzeko protokolo propio bat, eta, hain justu ere, protokolo hori du abiapuntu aurkeztu berri dutenak. Unai Aldalur Gazte Asanbladako kideak aitortu du prozesuari esker "garrantzitsuak" diren eta "aurreikusi gabe" zituzten puntuez jabetu direla. 

Protokoloa

Protokoloak jarduteko irizpide eta ibilbide argiak biltzen ditu: besteak beste, erasoa jasan duen pertsonari lehen harrera nola egin, egoera bakoitzean nola jokatu, komunitatearen erantzuna nola antolatu, eta, beharrezkoa denean, biktimak baliabide espezializatuetara nola bideratu azaltzen du.

Protokoloa ondorengo loturan irakur daiteke sakonean, baina informazio orokor bat duen diptiko bat ere sortu dute. Diptiko hori etxeko buzoietan banatuko dute datozen egunetan, eta herriko komertzioetan ere lortu ahal izango da. Horrez gain, poltsikoan edota diru-zorroan eramateko txartel bat ere banatuko dute. Txartel horrek indarkeria matxista jasan edota ikusiz gero laguntza eskatzeko telefonoak ditu zerrendatuta.

Loidiren iritziz, "emaitza oso ona da". "Gerta daitekeen egoera lazgarri bati aurre egiterako orduan herri guztia batuta bagaude, askoz ere hobeto aterako da guztia, eta horixe da, hain zuzen, protokoloaren helburuetako bat". Aldalurrek, berriz, prozesuan parte hartu duten erakunde zein eragile guztien arteko harremana "oso ona" izan dela zioen, eta "oso gustura" agertu zen emaitzarekin. Dena den, "protokolo hau martxan jarri beharrik ez izatea" espero du, "baina behar hori existituko balitz, prest gaude erantzuteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide