Energiaren nahiz telekomunikazioaren alorretan burujabetzaren bidea urratzeko konpromisoa hartu du Getariako Udalak gaur arratsaldeko osoko bilkuran. Batetik, EH Kom kooperatibarekin bazkidetza hitzarmena sinatzea onartu du udalbatzak, eta bestetik, oraindik sortze bidean den Ehnergia mugaz gaindiko energia komunitateen sarean parte hartzeko erabakiari onespena eman dio.
Ehnergia izena izango du ofizialki urriaren 3an eratuko den mugaz gaindiko energia komunitateen sareak, eta Getariako Udala sorreratik kooperatibaren bazkide laguntzaile izango dela erabaki dute gaurko udalbatzarrean, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin.
Europa mailako izaera izango duen lehenengo energia kooperatiba izango da Ehnergia, eta Euskal Herria bere osotasunean izango du lanerako esparru. "Energiaren alorrean aholkularitza eta sostengua ematen duten enpresak, gaur-gaurkoz, pribatuak dira. Honek, berriz, izaera publiko-komunitarioa izango du", esplikatu du Haritz Alberdi alkateak udalbatzarrean.
Hala, Ehnergiak Euskal Herriko energia-komunitateen ordezkaritza eta kudeaketa egingo du arlo horretako erakundeen eta gizartearen aurrean. Europako beste energia komunitate batzuekin aliantzak indartzea eta energia komunitateen sare indartsu bat osatzea da izango da kooperatiba berriaren helburuetako bat, eta energia trantsizioa iraunkorraren aldeko politika publikoak sustatzea nahiz pobrezia energetikoaren aurkako borrokan lan egitea izango ditu iparrorratz.
Era berean, Udal Gobernuaren aldeko eta oposizioaren kontrako botoekin, telekomunikazioaren arloan lan egiten duen EH Kom kooperatibarekin hitzarmena sinatzea onartu du udalbatzak. Subiranotasuna helburu, Internet sare irekiak, neutroak eta libreak sortzen ditu kooperatiba horrek, eta arreta berezia jartzen du Internetik gabeko landa eremuetan.
Gaztetxe berriaren lagapena
Garai batean Turismo Bulegoaren egoitza izan zen eraikinean kokatuko den gaztetxearen gaia ere landu dute uztaileko udalbatzarrean. Eneko Miralles zinegotziak gogoratu duenez, egungo gaztetxea kokatuta dagoen Eskualtxeta eraikina bota egingno dute alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko, eta bada denbora bat udalak gazteekin prozesu bat martxan jarri zuela, haien beharrak asetuko zituen gaztetxe berriaren ezaugarriak zehazteko. Gaztetxe berria hartuko duen eraikinean obretan daude, eta lanak uda ostean amaitzea espero dutela esan du Mirallesek.
Lokala udalarena denez, Getariako Gazte Asanbladak nahiz Graka musika elkarteak doan erabiltzeko baimena emango duen lagapena onartu dute bilkuran aho batez. "Entseatzeko leku duin bat aldarrikatzen zuen Grakak, eta espazio berrian horixe izango du", agertu du Mirallesek.
Diru laguntza zuzenetan aldaketak
Herriko elkarteen panorama aldatu denez gero, horiei Getariako Udalak ematen dizkien diru laguntza zuzenak egokitzea onartu dute udal hautetsiek aho batez.
Hala, bertan behera utziko dituzte dagoeneko jarduera etenda duten Gazte Alaiak taldeari eta Katxapo zikloturisten elkarteari bideratutako ordainak, eta partida berriak sortu dituzte, Graka bezala, herrian sortu diren elkarteentzako. Musikarien sareari, kasurako, 3.000 euroko laguntza ematea onartu dute, eta 8.750 euro emango diote bere jarduna berreskuratu duen Babexa elkarteari. Halaber, auzoetan bizi diren haurrak eskolara eramateko taxi zerbitzua kudeatzen duen Zanbuka guraso elkarteak 7.800 euroko laguntza jasoko du.
Protokolo berria
Urtarrilean hasi zuen Getariako Udalak, herriko hainbat eragilerekin eta norbanakorekin nahiz Sortzen aholkularitza elkartearekin elkarlanean, Indarkeria Matxistaren aurrean Prebenitzeko eta Jarduteko Protokoloa lantzeko prozesua, eta gaurkoan, udalbatzaren onespena jaso du dokumentuak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Alta, protokolo berriak eztabaida sortu du udaletxeko pleno aretoan. Udalak aurkeztutako dokumentuak "berrikuspen sakona" behar duela iritzita, zenbait hobekuntza jasotzen dituen proposamena egin du EAJk. Iosu Mugikak nabarmendu du EAJk argi izan duela beti "Getariak protokolo berria behar zuela", baina ez daudela ados Udal Gobernuak aurkeztutako dokumentuan erabiltzen diren zenbait terminorekin, kasurako "subjektu transmaribibolloak" edo "transmaribibollofobia" adierekin, zenbait pertsona kanpoan uzten dituztela iritzi dutelako.
Ane Loidi EH Bilduko zinegotziak azaldu du termino horiek herritarrekin egindako prozesuan "modu naturalean" txertatu zirela protokoloan, eta ikuspegi feministak nahiz intersekzionalak erabiltzen dituen kontzeptuak direla horiek. "Horiek aldatzeak protokoloaren oinarri kontzeptuala aldatzea ekarriko luke", adierazi du.
Loidik Udal Gobernuak aurkeztutako dokumentua defendatu du, hain zuzen ere ez delako udalarena, herriarena baizik: "Ez dugu guk egin, herriak egin du, eta oso garrantzitsua izan da. Protokolo hau defendatzen dugu herriak eskatzen duena delako".
Haritz Alberdi alkatea ere zuzendu zaie EAJko hautetsiei. Bere "pena eta tristura" adierazi ditu jeltzaleek ez dutelako protokoloa osatzeko lanketan parte hartu, eta dokumentua amaituta zegoenean proposatu dituztelako aldaketak.
Mugikak bere taldearen jarduna babestu du, esanez protokoloa lantzeko saioetako batera egindako gonbidapenean "datak nahastu" zituela EH Bilduk, eta horregatik ez zirela joan. Alberdik gogorarazi dio, hala ere, hiruzpalau lansaio ireki deitu zituztela urtarrilaz geroztik, eta EAJ ez zela bakar batera ere aurkeztu.