Mikel Ugarte eta Eider Estibariz nagusitu dira San Anton Biran

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 26a

Itsasoaren egoerak laguntzen ez zuela eta, ordezko ibilbidea egin dute 200dik gora igerilarik. Ugarte buru joan da ia proba osoan zehar. Estibarizek esprintean irabazi du, azken metroetan Naia Duran atzean utzita.

VII. San Anton Bira igeriketa proba jokatu dute gaur goizean Getarian, baina beste urte batez mendia inguratu gabe. Aurten ere itsasoaren egoerak ez du utzi jatorrizko zeharkaldia egiterik ahalbidetu, baina Getaitri elkarte antolatzaileak proposatutako ordezko ibilbideak ikusgarritasun handia eman dio probari. Guztira, 200dik gora lagunek hartu dute parte, eta Mikel Ugarte oñatiarra eta Eider Estibariz hernaniarra izan dira garaile.

Ama Birjinaren paretik egin dute irteera igerilariek, eta bertatik, Altzako harriraino abiatu dira zuzenean. Behin Altzako harrian, Zingira izeneko balizara jo dute eta, Malkorbe hondartzan lehorreratzeko. Hondartzan hamar bat metroz korrika egin ondoren, berriz itsasoratu dira eta Altzako harriari bira eman ondoren, atzera Malkorben helmugaratuko dira.

Gizonezkoetan, Ugarte buru jarri da probaren lehen zatirako, eta hainbat segundoko aldearekin irten da Malkorbeko lehen lehorreratzean. Ateratako abantailari eutsiz, bakarrik iritsi da helmugaraino, 37:54ko denbora eginez. Haren atzetik, Iñigo Eizagirre zarauztarra eta Alexander Otxagabia ondarroarra zetozen orpoz orpo, bigarren eta hirugarren postuagatik borrokan. Azkenean, esprintean erabaki dute, eta Eizagirre izan da txapeldunorde, 38:22koarekin; Otxagabia podiumeko hirugarren koskarekin koformatu da, 38:23koarekin.

Emakumezkoen txapelarekin ere gauza bera gertatu da: Naia Duran iruñearrak eta Eider Estibariz hernaniarrak batera egin dute zeharkaldi osoa, eta hondartzan lasterketa erabaki behar izan dute bietako nork irabazten zuen gaur. Uretatik irteten Duran izan da azkarren, eta metro pare bateko aldea atera dio Estibarizi, baina hernaniarra bizkorrago ibili da, eta beretzat izan da garaipena, 42,32ko denborarekin; irtuñearrak bi segundo gehiago behar izan ditu. Hirugarren sailkatua eunate Garro donostiarra izan da, 43:39koarekin.

Era berean, Asier Medina eta Intza Esteban izan dira zeharkaldia osatu dute lehen getariarrak. Lehenak 42:37ko denboran egin du proba, eta bigarrenak, aitarekin eta aitonarekin batera, 46:07ko denboran.

Proba nagusiaren aurretik, gaztetxoen proba eta zeharkaldi herrikoia egin dituzte. Bertan parte hartu dutenek 600 metroko distantzia egin dute, Ama Birjinetik Malkorbera igeri eginez. Bietan parte hartzea sustatu nahi izan dute, beraz, ez dute sailkapenik atera, ezta saririk banatu ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide