Gutxienez mende erdi duen ondare kartsuari aitortza

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 24a

Parrillak piztuta, Antxoa Egunean. (Julene Sorarrain)

Etzi 500 urte beteko ditu Juan Sebastian Elkanok, hil hurren, idaztea agindu zuen testamentuak, non itsas parrillari aipamena egin baitzion. Aitzakia horrekin, parrillaren ondareari aitortza egingo diote Getarian.

Gutxienez mende erdiko historia duen itsas parrillaren ondareari aitortza egiteko baliatuko dute Getarian igande hau. Belaunaldi ezberdinetako herritarrek parte hartuko duten oroitzapen ekitaldi batean, herriko jatetxeei nahiz elkarte gastronomikoen arduradunei parrilla dutela adierazteko identifikazio plakak banatuko dizkiete, gerora establezimenduetako atarietan jar ditzaten. Eta, noski, itsas parrilla piztuko dute. 10:30ean hasiko dute ekitaldia, Bista Onan.

Getariako itsas parrilla aitortzeko ekitaldia igandean egiteak badu pisuzko arrazoi bat. Etzi, uztailaren 26an, 500 urte beteko ditu Juan Sebastian Elkanok, hil hurren, idaztea agindu zuen testamentuak, eta 1526ko dokumentu horrek jasotzen du parrillari buruzko lehen aipamen idatzia: "É tres parrillas de fierro". Iñigo Cortes de Perea Santa Maria de la Victoria ontziko kontulariak idatzi zuen testamentua, itsasontzia Ozeano Barean nabigatzen ari zen bitartean eta zazpi lekukoren aurrean, guztiak ere euskal marinelak.

"Getariako ezaugarrietako bat da parrilla, kalean ikusi eta usaindu daitekeena; eta gainera, orain dela 500 urte, Elkanok, hiltzera zihoan momentuan, idatzita utzi zuen parrillari buruzko erreferentzia. Getariarentzat ondare immaterial zein material garrantzitsua da, ondare bizia, gainera, urte hauetan guztietan mantendu eta garatu ostean, gaur egun ere bizi-bizirik baitago. Horri bere lekua eman nahi genion", esplikatu du Haritz Alberdi Getariako alkateak.

Gaur eguneraino iritsi den Elkanoren idatzizko dokumentu bakarra da parrillaren erreferentzia jasotzen duen testamentua. "Horregatik, iruditzen zitzaigun testu horren 500. urteurrena aitzakia polita zela ekitaldia egiteko, are gehiago Elkanoren heriotzaren 500. urteurrena izanda", adierazi du alkateak.

Txingarrak etxera

Igandeko ekitaldia alkateak irekiko du, herritarrei ongietorria eginez, eta Xabier Alberdi EHUko Historia doktorea eta Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoa arduratuko da parrillaren bueltako kontakizun historikoa kokatzeaz. Jarraian, herriko jatetxeetako eta elkarte gastronomikoetako kideen testigantzak aditzeko aukera izango da.

Hitzaldi sortaren ostean piztuko dute itsas parrilla. Belaunaldi ezberdinetako pertsonak arduratuko dira horretaz, eta musikak eta dantzak girotuko dute ekitaldia. Artisau erara egindako identifikazio plakak banatuko dizkiete parrillak bizirik iraun dezan lagundu duten jatetxeei eta elkarteei. "Plaka horietan, QR kode baten bidez, itsas parrillaren historia jasoko da, eta beste kode baten bidez, etxe bakoitzarena, jatetxe eta elkarte bakoitzak baditu-eta bere berezitasunak", zehaztu du Alberdik. Amaitzeko, elkarrekin piztutako parrillaren txingarrak jaso eta nork bere etxera eramateko aukera izango dute parte hartzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide