Santanapeko guneak hobekuntzak behar dituela iritzi dio Getariako EAJk. Jeltzaleen esanetan, "lehentasunezko jarduketetako bat izan behar" du espazio horretan egin beharreko lanketa, eta proposamen batzuk ere egin ditu, hala nola, "espaloia zabaltzea, pasealekua berritzea eta espazioaren irisgarritasuna hobetzea". Getariako EAJren arabera, lan horiek egitea "funtsezkoa" da, "oinezkoen segurtasuna hobetzeko eta herritarrek zein bisitariek egunero erabiltzen duten ibilbidean erosotasun eta irisgarritasun handiagoa eskaintzeko".
Santanape "Getariako espazio esanguratsuenetako bat" da, Getariako EAJren iritziz, eta alderdikideek gaineratu dute ez lukeela "bigarren mailako kontua izan behar". "Herritar askok egunero erabiltzen duten gunea izanik, segurtasuna, irisgarritasuna eta espazio publikoaren kalitatea bermatuko dituen esku-hartze integrala behar du", azpimarratu dute jeltzaleek.
Espazio horren hobekuntza integralaren ardatz nagusia espaloiaren zabaltzea izan behar duela esan dute Getariako EAJko kideek. Beraien ustez, gaur egungo egoerak "ez du behar bezala erantzuten oinezkoek dituzten beharrei", eta adibide batzuk ere jarri dituzte: "espaloiaren zabalera eskasak zaildu egiten du pertsonak segurtasunez igarotzea, bereziki mugikortasun urriko pertsonentzat, haurren orgak daramatzaten familientzat edo pertsona nagusientzat".
Espaloiaren zabaltzearekin batera, jeltzaleen arabera garrantzitsua da "pasealekua berritzea, altzari urbanoak eguneratzea eta ingurunea txukunagoa, atseginagoa eta erabilgarriagoa bihurtzea ere".