Igande honetan jokatuko dute Getaitri triatloi taldeak antolatzen duen VII. San Anton Bira itsas zeharkaldia. Ohi bezala, proba Gaztetape hondartzan hasiko da, 10:00etan, eta itsas zeharkaldiari izena ematen dion San Anton mendia inguratu ondoren, Malkorbe hondartzan amaituko da, 2.600 metroko ibilbidea osatu ostean.
Aurtengoan, gainera, zenbait berrikuntzekin dator San Anton Bira. Jokin Aranberri Getaitri taldeko kidearen esanetan, "gaztetxoek ere proba bat egiteko aukera edukitzeko", haurren proba antolatu dute. 600 metroko ibilbidea egin beharko dute hauek: Ama Birjinaren paretik irten, eta bokalea zeharkatuta, gainontzekoen leku beretik helmugaratu beharko dute, Malkorbe hondartzan. Honez gain, helduentzako proba "herrikoi" bat ere antolatu dute, igeriketa munduan "hasiberriak" direnentzat. Hauek ere 600 metroko ibilbidea osatu beharko dute, haurren berdina.
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, beraien aurreikuspenak "bete" direla aitortu du Aranberrik. Helduen ibilbide luzeko proban 200 partaideko muga pasa, eta muga hori "220 partaidera zabaltzea" erabaki zuten antolatzaileek. Ibilbide motzean, berriz, hogei parte hartzaile inguru izango dira, eta haurrenean, beste hainbeste.
Aranberrik onartu duenez, beraien helburua ez da proba "handi" bat antolatzea. "Urte osoan igerian topatzen garen jendea bildu nahi dugu, elkarrekin egun eder bat pasa, eta igeriketarekin eta lagunekin gozatu", gaineratu du.
Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak Getaitriko kide guztiak "zoriondu" nahi izan ditu, "Getaria bezalako herri txiki batean antolatzen dituzten kirol ekimenak aurrera ateratzeko daukaten gaitasunagatik". Itsasoak izango duen egoeragatik kezkatuta agertu da Esteban: "Itsaso txarra badago, ordezko ibilbidea aproposa da, baina aurten marmokekin ere kontuz ibili beharko dugu. San Anton Bira ez bada ere, ordezko ibilbidea egitea gustatuko litzaiguke".
Ordezko ibilbidea ere, berria
Itsasoaren egoera eta marmokak direla eta, adi ibili beharko dute antolatzaileek. "Aurreko sei ediziotatik bitan soilik egin ahal izan dugu San Anton Bira. Ordezko ibilbide bat izaten genuen prestatuta, baina gure ustetan ez zen guztiz egokia. Jendea ere ilusioa galtzen ari zen, beraz, ordezko ibilbidea ere aldatzea erabaki dugu", azaldu du Aranberrik.
Ordezko ibilbide berria Ama Birjinaren parean hasiko litzateke. Igerilariek, bertatik, Altzako harriraino joan beharko lukete. Behin Altzako harrian, Zingira izeneko balizara abiatuko lirateke eta, handik, Malkorbe hondartzan egongo den bandera bati bira eman beharko liokete. Berriz itsasora sartu, eta Altzako harriari bira eman ostean, berriz ere Malkorben helmugaratuko lirateke.
Sariei dagokienez, berriz, lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan. Lehen getariarrarentzat ere garaikurra egongo da, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. 600 metroko bi probetan, ordea, ez da saririk egongo. "Bi proba horietan lehiakortasuna ez bultzatzea erabaki dugu. Bakoitzak bere erronka pertsonalak jarri ditzala, eta horrekin aurrera. Hala ere, haur bakoitzari izozki bana emango zaio", azaldu du Aranberrik. Probaren amaieran, ohi bezala, Getariako hegaluzea parrillan doan jateko aukera eskainiko zaie parte hartzen duten igerilariei.